ACTUALIDAD / Destrucción del medio ambiente
Igandean, aireko gai kimikoek gora egitea eragin zuen Petronorrek
"Elektrizitate-hornidura faltak" eraginda, jarduna eten behar izan zuten findegian, sute bat sortuz. Meatzaldeko bizilagunen artean kezka sortu du horrek, Stop Variante Las Karreras plataformak jakinarazi duenez.
2026eko otsailaren 24
Igandean, aireko gai kimikoek gora egitea eragin zuen Petronorrek

Petronorreko azken gertakariak salatu ditu Stop Variante Las Karreras plataformak, kezka piztu baita Meatzaldeko bizilagunen artean. Aurreko igandean, arratsaldeko 17:00ak igarota, bat-batean geratu behar izan zuten findegiko jarduna, argi-zuzietatik irteten ziren kea eta sugarra ikaragarri handituz. Itxura denez, "elektrizitate-hornidura faltak" ekarri zuen findegia gelditu behar izatea, eta Abanto-Zierbenatik (Bizkaia) argi ikus zitezkeen ke-laino beltz izugarriak.

Aipatutako plataformak salatu duenez, airean atzemandako gai kimikoek gora egitea eragin zuen suteak. Otsailaren 22an Abantoko Las Carreras auzoan egindako neurketen arabera, arratsaldeko 19:00etan, 24,53 µg/m³-koa zen bentzeno-maila. M-P xileno-maila, berriz, 52,14 µg/m³-koa zen. "Zifra horiek ez datoz bat egunean zehar erregistratutako balioekin. Izan ere, maximo horien oso azpitik zeuden balio horiek, eta agerian geratu da bat-batean gora egin zutela, errekuntzarekin eta ke-emisioarekin bat etorriz". Gai kantzerigeno bat da bentzenoa.

Stop Variante Las Karrerasek ohartarazi du honakoa ez dela "gertakari isolatu" bat, eta arazo bat bestearen atzetik etortzen dela Petronorren findegian; "sugarrak, ke beltzeko zutabeak, usain biziak eta argi-zuziak piztea" kasu. Horiek horrela, Meatzaldeko bizilagunak kezkaturik daude instalazioetan jarri nahi duten elektrolizagailu berriarekin, oraintsu lortu baititu horretarako baimenak enpresa erraldoiak. "Gaur egungo instalazioekin gorakada horiek gertatzen badira, nork bermatzen du karga energetiko eta operatibo gehigarriak ez dituela arriskuak handituko?", galdegin dute plataformatik. Gogorarazi dute, gainera, bestelako eraikuntza txikitzaile eta kutsatzaile batzuk ere egin nahi dituztela inguruan, Las Carrerasko saihesbidea, goi-tentsioko linea berri batzuk eta hidrogeno-kargaleku bat esaterako.