ACTUALIDAD / Represión

Bi pertsona epaitu dituzte Iruñean, AHTaren aurkako margoketa batzuengatik

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzan pintaketak egitea leporatuta, 900 eurorainoko isunak eskatu ditu eurentzat fiskaltzak. "Iaz AHTaren aldeko Plataforma sortu zen Nafarroan, NEK haren sustatzaile nagusietako bat izan zelarik", ekarri du gogora AHTaren aurkako mugimenduak.
2026eko irailaren 25 - 07:05
Bi pertsona epaitu dituzte Iruñean, AHTaren aurkako margoketa batzuengatik

AHTaren aurkako mugimenduak protesta bat egin zuen atzo Iruñeko epaitegien aurrean, Benetako delitua AHTa da. Desobedientzia! lelopean. Izan ere, bi pertsona epaitu zituzten atzo bertan, makroproiektu txikitzailearen aurkako margoketa batzuen harira.

Zehazki, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren (NEK) egoitzan AHTaren aurkako pintaketak egitea egozten diete biei, eta fiskaltzak 500 eta 900 euro arteko isunak eskatu ditu eurentzat, kalteak eragiteagatik. Ebazpenaren zain geratu dira. AHTaren aurkako mugimenduak seinalatu du, dena den, 220 orri baino gehiago dituen txosten bat egin duela Espainiako Poliziak auzi honengatik.

"Iaz AHTaren aldeko Plataforma sortu zen Nafarroan, NEK haren sustatzaile nagusietako bat izan zelarik. Bere egoitzan makroazpiegitura honen apologiarako olana handi bat ezarri zen", gogorarazi dute mugimenduko kideek. Hain zuzen ere, bertan agertu ziren AHTaren kontrako margoketak, eta Espainiako Poliziak ikerketari ekin ostean, atzo epaituak izan ziren bi lagunak atxilotu zituzten.