Ir al contenido
ACTUALIDAD / Empobrecimiento de la clase trabajadora

Mobilizazioei segida eman diete milaka lagunek Baionan

Bizi-baldintza hobe batzuen aldeko protesta nahia ez da itzali iragan osteguneko greba egunaren ostean. Aurrerantzean, ikusteke dago nola garatuko den mobilizazio-olatu hori, baina zenbait parte-hartzailek ohartarazi dute: "Hurrena, azaroaren 28an". Hain zuzen, Canon Française enpresa faxistak ekitaldia egitekoa du Miarritzen egun horretan.
2026eko azaroaren 9 - 07:18
Mobilizazioei segida eman diete milaka lagunek Baionan
— ARGAZKIA EITB

ACTUALIDAD

Herenegun, larunbata, beste manifestazio bat egin zuten 2.000 lagun inguruk Baionan (Lapurdi), laugarren asteburuz jarraian, bizitzaren garestitzearen nahiz justizia sozialaren alde. Duela zenbait astetik, bakar-bakarrik lan-arloko sindikatuei baimentzen dietenez manifestatzeko baimena prefekturek, larunbatekoa baimen gabe egin zuten, Jaka Horien mugimenduak deitu baitzuen mobilizatzera: izan ere, deitzaile ezagunen Laugarren Ekinaldia izan zen.

Dena dela, irailetik enegarrenez, hainbat eta hainbat antolakunde politikoren afixak eta pankartak ikusi ahal izan ziren larunbatean Baionan; esaterako La France Insoumise, Lutte Ouvriere, CGT eta Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistarenak.

Herriko Etxetik abiatu ziren manifestariak larunbatean, eta mobilizazioa aldendu orduko, Poliziak dispositiboa ezarri zuen egoitza instituzionalaren inguruan, bertan elkarretaratzeko debekua mantentzeko asmoz. Hala, Baiona Handi eta Ttipitik aritu ziren protestan, Estatuaren, faxisten eta Poliziaren aurkako mezuak adieraziz. Herriko Etxera itzuli nahirik, Poliziak bidea moztu zuen eta manifestariak Saint Leongo biribilgunera abiatu ziren. Orduan, ehunka lagunek eserialdia egin zuten bertan, hainbat minutuz eta agenteen begiradapean. Alabaina, aurrekoetan ez bezala, Poliziak ez zuen istilurik sortu, eta agenteek ez zuten inolako kargarik egin.

Ekintza horren ondotik, hiriburuko Herriko Etxera itzuli ziren manifestariak. Bertan beste eserialdi bat egin zuten, debekua urratuz. Baina segituan eman zioten amaiera mobilizazioari.

Hurrengo data seinalatua, azaroak 28

Aurrerantzean, ikusteke dago nola garatuko den Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko mobilizazio-olatua. Irailaren amaieran lizeotarren protestek eztanda egin zutenetik, ehunka milaka aritu dira borrokan, eta atxilotu zein zauritu ugari izan dira. Hala, zenbait parte-hartzailek ohartarazi dute: "Hurrena, azaroaren 28an".

Hain zuzen, egun horretan Canon Français eskuin-muturreko enpresak ekitaldia egingo du Miarritzen (Lapurdin), eta, dagoeneko, hainbat gizarte-eragilek adierazi dute ekitaldi horrekiko haserrea. Ez da gutxiagorako: izan ere, Pierre-Edouard Sterin enpresari supremazista eta homofoboa da Canon Français-en burua.

Bestelako ekimenetan, politikara salto egiteko borondatea erakutsi du, eta haren aurka egin dutenak mehatxatu ditu behin baino gehiagotan. Urrutira joan gabe, "Presta itzazue zuen maletak, 2027an alde egingo baituzue"; "lurraren aurka burua txikitu diezazuetela merezi duzue" edo "jan ezazue merguez-a [Afrika iparraldeko jaki bat] eta utz iezaiozue potroak ukitzeari. Ikaragarri gustatuko litzaidake zuek Warren-SStako dibisio baten aurrean ikustea" bezalako adierazpenak egin zituen joan den irailaren 21ean, ezin izan zuenean Miarritzen aurreikusitako oturuntza egin. Izan ere, 200 pertsona inguru hurbildu ziren protesta egitera Herriko Etxera, eta ekitaldia bertan behera gelditzea lortu zuten ordu hartan.