ACTUALIDAD / Defensa de la tierra

Artatza-Romo institituan subflubialak izango lituzkeen eraginez ohartarazi dute

Makroproiektua bertan behera utz dezatela exijitu dute berriz, zundaketak hasiak direla. Beste mobilizazio bat egingo dute urriaren 24an.
2026eko irailaren 10 - 08:48
Artatza-Romo institituan subflubialak izango lituzkeen eraginez ohartarazi dute

Leioako (Bizkaia) Artatza-Romo institutuaren parean elkarretaratze bat egin zuten atzo bertako hezkuntza-komunitateak eta Subflubiala Ez plataformak, Leioa eta Portugalete (Bizkaia) arteko itsasadarraren azpian Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki nahi duen tunelak institutuan izango lituzkeen eraginez ohartarazteko. Izan ere, makroproiektuak ingurumenean eragingo lituzkeen kalte larriez gain, "ondorio sozialez" kexu dira herritarrak, batik bat ikastetxeei azpimarra emanez. 

Iazko ekainean, agiri bat sinatu zuten Artatza-Romo institutuak, Betiko Ikastolak, Artatza Pinueta eskolak eta Romo eskolak, aldundiari exijitzeko bertan behera utz dezala subflubiala eraikitzeko plana, "ikasleengan izango duen ondorioengatik". Dena den, Subflubiala Ez plataformak gogorarazi duenez, diputazioak "ez die ikastetxe horiei erantzun ere egin, eta proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki du". Are gehiago: obra egiteko zundaketei ekin diete jada, eta badirudi hastear direla lanak.

Aipatutako plataformak salatu du ez direla aintzat hartu proiektuak osasunerako dakartzan arriskuak, "batez ere gazteengan", "kutsatzaileekiko etengabeko esposizioaren eraginari buruzko ikerketa lanak egon arren". Zonaldeko eskoletan "PM2.5 partikulen, gas toxikoen eta mikroorganismo patogenoen moduko kutsatzaileen" eraginpean egongo dira, eta hainbat ondorio ditu horrek: "arnasketa-arazoen areagotzea", "arnas-infekzio akutuen intzidentzia handiagoa" eta abar. Nahiz eta jakitun izan, aldundiak ez du prebentziorako inolako protokolorik aurkeztu.

"Gure komunitatearen osasuna eta segurtasuna jokoan daude", seinalatu du Subflubiala Ezek. Atzoko protestaren ostean, beste mobilizazio-deialdi baten berri eman du jada: manifestazio bat egingo dute datorren urriaren 24an, larunbata.