ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Argia
2024/11/13 22:21

Aktibo dago Lo que no te cuentan de Donosti Telegrameko kanala. Hilabeteak daramatza pertsona migranteekiko gorrotoa hedatu nahian, eta protestak antolatzera ere iritsi da Gipuzkoako hiriburuan. Talde horren bidez egin zuten Kaleko Afari Solidarioen aurkako kontzentrazioa Egia auzoan, eta deialdi gehiago egiten ere saiatu dira erreakzionarioak, gero atzera bota behar izan dituzten arren, kontramobilizaziorako deiak tartean. Azkenekoz, larunbat arratsalderako egin dute deialdi bat Donostian, 18:00etan Easo plazan.

Eta badirudi antzeko dinamikak jarri nahi dituztela martxan Gasteizen eta Iruñean. Lo que no te cuentan de Donosti kanalaren administratzaileetako batek, Jumima izen faltsuaren atzean ezkutatuta, bi talde sortu ditu berriki Arabako eta Nafarroako hiriburuetarako: Lo que no te cuentan de Vitoria eta Lo que no te cuentan de Pamplona.

Irailaren 26an sortu zuten Gasteizera begirako kanala, baina hiru kide besterik ez ditu, eta ez dago aktibo. Iruñera bideratutako taldea urriaren 1etik dago abian, eta horrek bai lortu duela nolabaiteko entzutea: 540 kide baino gehiago bildu ditu hilabete eta erdian.

Telegrameko erabiltzaile berdinak, Jumima delakoak, beste lurralde batzuetan ere hedatu nahi du pertsona migranteen kontrako gorroto-diskurtsoa. Izan ere, Lo que no te cuentan de Barcelona eta Lo que no te cuentan de Madrid kanalak ere sortu ditu, nahiz eta oraingoz ez daukaten ez partaiderik ez jarduerarik.

Iruñeko kanala, aktibo

Donostiakoarekin batera, Iruñeko kanala da gaur-gaurkoz aktibo dagoen bakarra. Bi taldeetan partekatzen dituzte antzeko edukiak, delinkuentzia pertsona migratuei leporatzeko asmoz: haien argazkiak bidaltzen dituzte, baita masa-komunikabide intoxikatzaileetan argitaratutako albisteak ere, migranteak seinalatzeko balio baldin badute. Kanalean etengabe izaten dira mezu arrazistak eta migranteen aurkako indarkeriaren aldekoak.

Errotxapea auzoan, gizon migratzaile batek emakume bat erail zuen urriaren hasieran. Elkarrekin bizi ziren etxabe batzuetan, eta gizonezkoak labankadaz hil zuen neska. Horren harira, izugarriak izan ziren Lo que no te cuentan de Pamplona taldean ikusi ziren mezu arrazistak, eta mobilizazio bat antolatzekotan egon ziren.

NO HAY COMENTARIOS