7.500 behargin inguru daude soldatapean Nafarroako garbiketa sektorean. Gaurtik ostiralera bitartean greba egitekoak ziren, lan-hitzarmenari lotuta egin dituzten aldarrikapenen defentsan. Hala eta guztiz ere, grebara deitu zuten sindikatuetatik bik, CCOOk eta UGTk, atzo sinatu zuten bost urterako aurreakordio bat patronalarekin, eta bertan behera utzi dute greba deialdia.
Akordio horren arabera, hilabete honetatik aurrera %2,5 igoko lituzkete langileen soldatak, eta %1,75eko igoera ere egongo litzateke 2022an nahiz 2023an. Halaber, hainbat hobekuntza adostu dituzte aldi baterako eritasunen kasuetarako, eta lan-hutsuneak egongo balira, lan-kontratu partzialak dituztenei lanaldia handitzea ere aurreikusi dute.
Gaur, baina, ehunka langile elkartu dira Iruñean (Nafarroa). Adierazi dute ez daudela ados lan-hitzarmenaren gaineko aurreakordioarekin eta jasotzen dituen baldintzekin; besteak beste, izoztu egiten direlako 2019ko eta 2020ko soldatak, ez direlako bajak %100ean lortzen, eta are gehiago malgutzen duelako ordu osagarrien handitzea.
Nafarroako hiriburuko kaleetan mobilizatu dira beharginak, eta nabarmendu dute "traizio" egin dietela CCOO eta UGT sindikatuek, grebarako "dena prest" zegoenean, gainera.