ACTUALIDAD / Sindicalismo

Bilboko udal-eraikinetako garbitzaileak greban daude azaroaren 30era arte

Soldata-arrakalaren aurka eta lan-baldintzen hobekuntzaren alde jo zuten protestara irailean. 400 langile inguru dira sektorean, gehienak emakumeak.
2026eko urriaren 30 - 08:49
Bilboko udal-eraikinetako garbitzaileak greban daude azaroaren 30era arte
— ARGAZKIA LAB

ACTUALIDAD

Otsailetik ekainera bitartean greban egon ostean, Bilboko udal-eraikinetako garbitzaileek irailean ekin zieten berriz mobilizazioei, eta greban egongo dira azaroaren 30era arte. Lan-baldintzak hobetzea eta soldata-arrakalari aurre egitea bilatzen dute langileek, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek ohartarazi dutenez, greba mugagabe bilakatzeko aukera zabalik dago. 

400 langile inguru dira sektorean, gehienak emakumeak, eta haiek arduratzen dira Bilboko ikastetxeak, haur-eskolak, liburutegiak, kiroldegiak eta udalaren beste hainbat instalazio garbitzeaz. Zerbitzua azpikontratatuta dauka udalak, eta UTE BIO ERAIKIGARBI enpresak kudeatzen du gaur egun, FCC multinazionalarekin lotuta. Beharginek salatzen dute, dena den, funtsezko lan publiko bat egin arren bereziki prekarioak direla sektoreko baldintzak, eta aspalditik ari dira borrokan horren kontra: 2025eko urtarrilean hasi ziren mobilizazioekin.

Garbiketako langileen aldarrikapenak

FCC multinazionalak kudeatzen ditu bai udal-eraikinetako garbiketa bai kaleetakoa, baina hala ere, aldea nabarmena da baldintzei dagokienez. Esaterako, udal-eraikinak garbitzen lanaldi osoan jarduten duten pertsonek 1.200 euro inguruko soldata dute hilean, eta 1.800 eurokoa kale-garbiketakoek. Gainera, garraio-plusa lau aldiz txikiagoa da eraikinetako garbiketan eta ez dute toxikotasun-plusik jasotzen. Horiek horrela, soldata-arrakala salatzen dute eraikinetako garbitzaileek, haiena sektore feminizatua dela nabarmenduz.

Sektoreko partzialtasuna ere seinalatu dute funtsezko ararotzat eraikinetako garbitzaileek, izan ere, astean hamabost ordu edo gutxiagoko lanaldiak dituzte askok, eta 300 eta 400 euro arteko soldatak uzten dizkie horrek. Lan-karga handiaz eta erretiroen ondoren amortizatzen diren lanpostuez ere ohartarazi dute.

Beraz, euren lan-baldintzak hobetuko dituen enpresa-hitzarmen berri bat lortu nahian ari dira beharginak. Kale-garbiketako langileekiko soldata-arrakala ezabatu dadila eta aparteko ordainsariak pareka daitezela eskatzen dute; baina baita astean 25 ordutik beherako kontraturik ezar ez dadila eta erretiroengatik edo bestelako arrazoiengatik hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko sistema bat egon dadila ere. Langileek enpresari exijitu diote, hala, negoziazio-mahaia ireki dadila eta euren eskaerak aintzat har daitezela; eta udalari eskatu diote, era berean, bere erantzukizuna bere gain har dezala eta esku har dezala, zerbitzua hark kontratatzen duen heinean.

Jazarpen poliziala grebalarien aurka

Azken greba-egunetan izandako jazarpen poliziala salatu dute garbiketako langileek: identifikazioak eta mehatxuak jasan dituzte polizia-indarren aldetik. Hala ere, tinko jarraitzen dute protestekin, eta beste hilabete batez gutxienez greban jarraituko dute, euren lan-baldintzen defentsan.