ACTUALIDAD / Azaroak 11: greba orokorra

Etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak, aho batez: "Etxebizitza-eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!"

Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Etxebizitza Sindikatuen Sarea, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru elkarrekin mobilizatuko dira azaroaren 11ko greba orokorrean, hiru aldarri nagusirekin: espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea. Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan antolatuko dituzte manifestazioak.
2026eko urriaren 22 - 09:58
Etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak, aho batez: "Etxebizitza-eskubidea bermatzeko, espekulaziorik ez!"

Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) eta etxebizitza-sindikatuek (Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista) bi agerraldi egin dituzte gaur, azaroaren 11ko greba orokorrerako adostu dituzten aldarrikapenen eta mobilizazioen berri emateko. Iruñean eta Bilbon izan dira agerraldiak, eta azaldu dute Euskal Herrian adostutako aldarrikapenak zabaldu eta bertako instituzioak interpelatuko dituztela greba-egunean, etxebizitza eskubide bermatu bat izan behar dela eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratuz. 


Hiru aldarri nagusiak


Hiru aldarrikapen nagusi adostu dituzte gehiengo sindikalak eta etxebizitza-sindikatuek, iritzita, "kalitatezko etxebizitza bermatzeko", "erroko hiru transformazio bultzatu behar direla": "Batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua". Eta gaineratu dute: "Egiturazko eraldaketa horiek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak beren horretan jarraituko dute".


Dena den, erroko hiru aldarri horiez gain, "langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk" ere defendatu dituzte grebaren deitzaileek, "etxegabetzeekin bukatzea edo etxebizitzaren prezioaren jaitsiera" kasu.



"Etxebizitza langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistak sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da", ohartarazi dute: "Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean". Horiek horrela, "langileen pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde" agertu dira sindikatuak, baita "denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen" alde ere; eta "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru propioan sakontzeko unea dela" ere defendatu dute.


Instituzioen ardura: PSOEren gobernua eta tokiko agintaritzak


Etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak PSOEk gidaturiko gobernua zuzenean kritikatu dute, "azken zortzi urteetan ez baitu inolako neurririk hartu egoera egituraz aldatzeko". Hala ere, "maila guztietako ardurak" seinalatu dituzte, bereziki, Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena. "Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituzte". Bestalde, alderdi guztietako udalen ardura ere nabarmendu dute, "alternatibarik gabeko etxegabetzeak izan baitira" azken urteetan hainbat eta hainbat hiritan eta herritan.


Confebask eta CEN patronalak ere hartu dituzte jomugan, gainera, iritzita haiek direla "prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak" eta "uko egin diotenak hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari".


"Kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da"


Azaroaren 11ko greba orokorera deitu duten sindikatuek jakinarazi dute ez dutela onartuko "alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabil dezatela, konponbide errealik planteatu gabe". Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute aipatutako erroko aldaketak gauzatzea; hau da, "espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboarekin amaitzea, eta etxebizitzak eta bitartekoak langileriaren beharren arabera antolatzea".



Horrekin batera, "etxebizitzaren bidez ez ezik, soldaten debaluazioaren bidez langileriak bizi duen pobretzea" ere salatu dute deitzaileek, greba-egunean "soldatak duintzea" ere eskatuko dutela gogoraraziz. "Bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa premiazko neurritzat" hartu dute, eta gogora ekarri dute duela ia zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko izandako greba. "Kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da", diote.


Manifestazioak greba-egunean


Etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak hainbat manifestazio-deialdi iragarri dituzte jada gaurko prentsaurrekoan. Aurreratu dute, hala, Iruñean, Tuteran, Bilbon, Donostian, Eibarren eta Gasteizen, behintzat, antolatuko dituztela mobilizazioak azaroaren 11rako.