EFEMÉRIDES
Gaurko egunez, duela 43 urte, Bilboko Euskalduna ontziolan lehen manifestazio bat antolatu zuten bertoko langileek, 1983ko azaroaren 7an: ia 2.300 lanpostu suntsitzearen eta enpresa ixtearen aurka mobilizatu ziren.
Lehen protesta horretan, milaka lagunek hartu zuten parte. Itxieraren aurkako oihuez gain, beste zenbait enpresatako langileen eskaerak entzun ziren, Sestaoko La Navalekoenak kasu. Izan ere, une horretan, sektoreko 20.000 lanpostu zeuden arriskuan Bilbo Handian.
Urriaren amaieran hartu zuen enpresa ixteko erabakia, hain zuzen, PSOEren Espainiako Estatuko gobernu zentralak. Eta azaroaren 3an bertan jakinarazi zieten beharginei. Horrela, urte hartako ekainean ontzigintza-sektorea "birmoldatzeko" Errege Dekretuari forma eman zioten agintariek. Egoera horren aurrean, Enpresako Batzordea kalera atera zen, eta segituan mobilizazioekin jarraitzea erabaki zuten ezker erradikaleko sektoreek, gatazka eztabaida publikora eramateko, geroz eta sektore gehiagok borrokaren beharra antzemateko, eta langile-sektoreak mobilizazioetara hurbiltzeko.
Langileen mobilizazioak, baita enpresako zuzendariekin eta Poliziarekin egondako konfrontazioak ere, ia bost urtez luzatu ziren, harik eta Euskalduna behin betiko itxi zuten arte, 1988ko ekainean. 1970eko hamarkadaren amaieratik, ontziola hori errentagarria izanik ere, AESA Espainiako Estatuko Ontziolen Elkartea itota zuten zorrek. Hala, besteak beste Bilboko, Sestaoko eta Asuako beharginek, atzerapenak jasan zituzten soldaten ordainketan urte horretan eta aurrekoetan. Hori dela eta, laneko geldialdi eta protesta ugari egin zituzten urte horietan guztietan ontzigintzako eta beste zenbait sektoretako beharginek, hala nola soldatzaileek, iturginek eta elektrizistek edo egokitzaileek.