ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Tolosako Gazte Asanblada
2019/09/15 12:31

Atzo, irailak 14, manifestazioa egin zuten hainbat lagunek Tolosan (Gipuzkoa), Ezpala gaztetxearen defentsan. Tolosako Gazte Asanbladak eta gaztetxeko asanbladak deituta, birjabetutako "espazioaren beharrezkotasuna" aldarrikatu zuten Tolosako kaleetan barrena, baita "gure aurkako erasoen aurrean erantzun bateratu bat emateko beharra" plazaratu ere, ondoren egindako irakurketan. "Ez diogu utziko botere burgesari gehiago gainjartzen, eta sutsuki babestuko dugu gurea den espazioa", nabarmendu zuten.

Tolosako Gaztetxe Egunaren barruan egin zuten manifestazioa. Mobilizazioaz gain, bazkaria, gaztetxe ezberdinetako kideen arteko jolasak edota kontzertuak ere izan ziren. Izan ere, azpimarratu zuten "ospakizun eguna" zutela atzokoa; "errepresioaren gainetik, beharrezkoa zaigun espazioa biziberritzen eta defendatzen ari garela ospatzekoa", hain zuzen.

Dena den, manifestazioa izan zuen ardatz Tolosako Gaztetxe Egunak. Bost hilabete igaro dira espazioa birjabetu zutenetik, baina aipatu dutenez "ez da erraza izaten ari". Desalojo arriskuan egoteaz gain, pairatu behar izan dituzten "argi mozketa, ur mozketa, Ertzaintzaren presentzia itogarria" eta abarren aurrean, antolakuntza, determinazioa eta jardun militantea aldarrikatu dituzte.

Epaiketaren zain

Gazte asanbladako kideek birjabetzea eman eta hilabetera izan zuten eraikinaren jabearen salaketaren berri, eta jabearekin harremanetan jartzen saiatu izan dira, "bi aldeentzat onuragarria izango den akordio batera iristeko". Hala eta guztiz ere, bide horrek gaur gaurkoz itxita jarraitzen du, eta Ezpala gaztetxeko kide baten aurkako prozesu judiziala martxan da.

Duela egun batzuk egitekoa zen epaiketa atzeratu egin zuten epaitegiek, eta orain, data berria jartzeko esperoan daude.

Azken urteetan, birjabetze ugari

Gaztetxeko eta gazte asanbladako kideek "gure interesen mesederako" espazio bat lortzeko adierazi duten determinazioa, manifestazioko irakurketatik harago ere antzeman daiteke. Bertan aipatu zuten bezala, Ezpalaren birjabetzea azken urteetan Tolosan egiten den ia hamargarrena da, eta oraingoan ere desjabetze arriskuan egon arren, "langileonak diren guneak defendatzen eta gaztetxeen loraldiaren parte izaten" jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute.

EEgG_csX4AACig0?format=jpg&name=smallEEgG_ckX4AEVwPU?format=jpg&name=4096x4096EEgG_cnXUAAYglN?format=jpg&name=4096x4096EEgG_cvXoAEvQBe?format=jpg&name=4096x4096