ACTUALIDAD / Espacios de control obrero

Gernikako Udalaren irregulartasunak: liburutegiaren obra eta Gaztetxearekiko jarrera

Gernika-Lumoko Udalak adierazi du Pasealekuko eraikinaren inguruan eta Gaztetxearen desalojoarekin lotutako jardueretan marko legalaren barruan jokatu duela. Hala ere, azken hilabeteetako gertakariek eta kontratazio-espediente publikoak hainbat irregulartasun eta kontraesan uzten dituzte agerian.
2026eko irailaren 4 - 08:23
Gernikako Udalaren irregulartasunak: liburutegiaren obra eta Gaztetxearekiko jarrera

Obra-prozesutik kanpoko legez kanpoko jarduerak

Ekainaren 12an, udalak (Guztiontzako Herria) Pasealekuko Gaztetxearen sarraila aldatu zuen, aurretik inolako prozedura administratibo edo judizialik abiatu gabe. Era berean, abuztuan, gazteei ahoz eman zitzaien eraikina uzteko data bat, desalojo-prozedura administratibo edo judizialik abian zegoela jakinarazi gabe.

Horrek zalantza juridiko nabarmena sortzen du: administrazio batek ezin du besterik gabe erabilera bat eten edo pertsonak eraikin batetik kanporatu, horretarako dagokion prozedura bermatu gabe.

Obraren kontratazioa: eraikinaren eskuragarritasuna

Liburutegi berria egiteko obra-kontratazioaren espedientea maiatzaren 27an onartu zen, eta dokumentazioa maiatzaren 29an argitaratu zen kontratatzailearen profilean. Kontratuaren objektua Pasealekuko eskola publikoetako hegoaldeko eraikina eraberritzea da, udal-liburutegi bihurtzeko. Kontratuaren aurrekontua 1,2 milioi eurotik gorakoa da, eta prozedura ireki sinplifikatua erabili da.

Baina kontratazio-espedientea onartu aurretik, ez da dokumentazio publikoan behar bezala egiaztatzen obrak egiteko beharrezkoa den lurzoruaren edo espazioaren erabilgarritasuna.

Izan ere, Kontratu Publikoen Legearen 236. artikuluak ezartzen du proiektua onartu ondoren eta obra-kontratazioaren espedientea onartu aurretik birplanteamendu bat egin behar dela, besteak beste, obrarako beharrezkoak diren lurren erabilgarritasuna egiaztatzeko.

Kasu honetan, udalak bazekien eraikina erabiltzen ari zirela Gaztetxe gisa, eta proiektuaren dokumentazio grafikoan bertan ere haren existentziari erreferentzia egiten zaio. Horregatik, galdera ez da soilik eraikina erabilgarri zegoen ala ez, baizik eta kontratazio-espedientea onartu aurretik legeak eskatzen duen erabilgarritasun hori behar bezala egiaztatu eta dokumentatu ote zen.

Errekurtsoa eta udalaren isiltasuna

Ekainaren amaieran, lehenengo udal-erabaki horren aurka berraztertze-errekurtso bat aurkeztu zen. Bertan, besteak beste, eraikina erabileran zegoela eta obrak egiteko erabilgarritasuna ez zela behar bezala egiaztatu argudiatu zen.

Udalak hilabeteko epea zuen errekurtsoari erantzuteko, baina ez zuen epe horretan berariazko ebazpenik eman.

Kontratazio-prozesuaren kronologia eta hutsuneak

Uztailaren 2an Kontratazio Mahaiak eskaintza bakarra aztertu zuen, eta Construcciones Castellano S.A. enpresa kontratua jasotzeko proposatu zuen. Hala ere, une horretan oraindik ez zegoen kontratuaren behin betiko adjudikaziorik: proposatutako enpresari zazpi egun balioduneko epea eman zitzaion beharrezko dokumentazioa eta behin betiko bermea aurkezteko.

Akta hori uztailaren 7an argitaratu zen, eta kontratatzailearen profilean ageri den azken argitalpena ere uztailaren 7koa da. Espediente publikoak, beraz, data horretan amaitzen den dokumentazio-ibilbidea erakusten du.

Hala ere, uztailaren 21ean udalak jakinarazi zuen obra esleituta zegoela eta lanak irailaren hasieran hasiko zirela. Udalaren iragarpenaren arabera, Construcciones Castellano S.A. izango zen obra gauzatuko zuen enpresa.

Hor dago kontraesan nagusietako bat: uztailaren 2ko dokumentuak adjudikazio-proposamena jasotzen du; uztailaren 21ean, berriz, udalak jada adjudikazioa eginda zegoela jakinarazi zuen. Baina adjudikazio-ebazpena ez da kontratatzailearen profilean ageri den dokumentazioan azaltzen.

Eta hori ez da formaltasun huts bat. Kontratu Publikoen Legearen 151. artikuluak adjudikazio-ebazpena arrazoitua izatea eta kontratatzailearen profilean argitaratzea ezartzen du. Era berean, 154. artikuluak kontratuaren formalizazioa eta dagokion kontratua ere profilean argitaratzeko betebeharra ezartzen du.

Beraz, udalak uztailean obra adjudikatuta zegoela iragarri bazuen, non dago adjudikazio-ebazpena? Non dago formalizatutako kontratua? Eta zergatik ez dira dokumentu horiek kontratatzailearen profilean ageri?

Udalaren jardunbideen legezkotasuna zalantzan

Udalak legearen barruan jokatu duela dioen bitartean, dokumentazio publikoak bestelako irudia eskaintzen du: eraikinaren erabilgarritasuna ez dago behar bezala dokumentatuta, aurkeztutako errekurtsoak ez zuen epe barruan berariazko erantzunik jaso, eta udalak adjudikazioa eginda zegoela iragarri zuen arren, adjudikazioaren eta kontratuaren inguruko dokumentazioak ez dira kontratatzailearen profilean ageri.

Horri gehitzen zaizkio Gaztetxearen sarraila aldatzea eta gazteei ahoz eraikina uzteko data ezartzea, dagokion prozedura administratibo edo judizialik abian zela jakinarazi gabe.

Horiek horrela, ikus daiteke udalaren jardueran eta obra-kontratazioaren prozeduran hainbat irregulartasun eta kontraesan dokumental daudela, Gernikako Gaztetxea desalojatzeko mehatxuak egiten jarraitzen duen bitartean.