AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Tolosako Gazte Asanblada
2019/08/28 12:24
Tolosako Gazte Asanbladako kideek apirilaren 22an birjabetu zuten berriro Ezpala gaztetxea, Tolosan (Gipuzkoa). Hala, duela hiru urte Ertzaintzak bortizki desalojatutako eraikinean sartu ziren berriz, gaztetxe berriaren proiektua martxan jartzeko. "Hainbeste denbora eta gero Tolosako asanbladako kideok lortu genuen gure, zein beste hainbat eragileren jardunbidea aurrera eramateko langileon kontrolpeko gune izango zen gaztetxea okupatzea", azaldu dute.

Ibilbide oparoa

Uztailean argitaratutako adierazpenean, azken hilabeteotan "auzolanen bidez" Ezpalan egindako lana azpimarratu zuten asanbladako kideek, "langileok gure jarduna aurrera eramateko gune eroso bilakatu" asmoz egindakoa, hain zuzen. Hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak edota bertso saioak antolatu dituzte bertan, eta Maiatzak 1 Langileontzat dinamika edota Borroka Astea garatzeko aukera ere izan dute: "Inmobilismotik ekintzaletasunera igaro gara".

"Hainbat gaitasun gureganatzeaz gain, elkarrengandik ikasteko tartea izan dugu", adierazi dute. Bestalde, gogoan izan dute gainontzeko herrietatik jasotako "elkartasuna" eta "Errakiko kideek eskainitako laguntza", "klase elkartasunaz dena baita posible".

Epaiketaren jakinarazpena

Baina ispiluaren alde batek kontrako aldea islatu dezake, eta hala gertatu da Tolosan ere. "Lehen asteetan ez genuen gure etsaien berririk jaso, alegia, ez genuen jabearen edota herria errepresentatzen duen botere burgesaren berririk jaso", diote. Dena den, maiatzaren 27an, udal hauteskundeen hurrengo egunean, "epaiketa baterako hitzordua zehazten zuen eskutitza" jaso zuen asanbladako kide batek.

"Itxuraz, jabeak salaketa jarri zuen eraikina okupatu genuen egun berean. Ezpalako kideok okupatu eta hilabete beranduago izan genuen salaketaren berri. Beraz, ez da kasualitatea hauteskundeen ondorengo egunean iristea eskutitza", adierazi dute.

Epaiketa irailean

Hasiera batean epaiketa irailaren 3an izango zela jakinarazi bazuten ere, data atzeratu dute epaitegiek. Hala, eguna zehaztu ez badute ere, ustez irailean epaituko dute Tolosako Gazte Asanbladako kidea, Ezpalaren birjabetzea dela-eta. "Ordura arte zein ordutik aurrera Ezpala arriskuan egon arren, argi dugu Ezpalak bizirik jarraituko duela, tinko eta indartsu", azaldu dute asanbladakoek: "Langileonak diren guneak defendatzen eta Gaztetxeen Loraldiaren parte izaten jarraitu nahi dugu. Edozein mekanismo errepresibo jarriko dute martxan, baina ez gaituzte indargabeturik utziko".

"Ez diogu utziko botere burgesari gehiago gainjartzen, eta sutsuki babestuko dugu geurea den espazioa", gehitu dute. Bestalde, Ezpalara bertaratzera dei egin dute.
EZ DAGO IRUZKINIK