ACTUALIDAD
Atzo goizean epaitu zituzten Bilboko Errekalde auzoko bi gazte, Gaztetxe berriaren irekierari lotuta. Horiek horrela, protesta bat izan zen epaitegien aurrean 11:30etik aurrera, Sutargi Gazte Asanbladak eta Defentsa Komunitateak deituta: auzipetuei elkartasuna adierazi eta Gaztetxeak aldarrikatu zituzten.
Sutargik gogora ekarri duenez, 25 urtez hutsik egondako eraikin bat okupatu zuten iazko otsailean, Gaztetxe modura erabiltzen hasteko. Izan ere, 2024ko apirilean Etxarri II Gaztetxea indarrez desalojatu zutenetik, "Errekaldeko gazteok ez genuen politizatzeko eta sozializaziorako espaziorik", azaldu dutenez. Horiek horrela, hainbat helbururekin ireki zuten Gaztetxe berri bat 2025ean: hain justu, "gazteontzako eta auzokideentzako politizaziorako, sozializaziorako eta aisialdi alternatiborako espazioa izateko"; eta "faxismoari, jarrera erreakzionarioei, autoritarismoari eta auzoan dauden beste hainbat problematikei aurre egiteko".
Gaztetxearen berri publikoki eman baino egun bat lehenago, ordea, espazioa legez kontra hustu zuten polizia-indarrek: otsailaren 25ean salatu zuten desalojoa auzoan. Huste horren harira epaitu zituzten atzo bi pertsona, eta sententziaren esperoan gelditu baziren ere, absoluzioa eskatu zuen fiskaltzak.