ACTUALIDAD / Fascismo

Etxerik gabeko pertsona baten bizitokia eta gauzak erre dituzte Iruñean

Arga ibaitik gertu bizi zen 26 urteko gaztea, eta, eskolan zela, bere gauza guztiei su eman zien norbaitek. "Dena galdu dut", azaldu du; sei hilabete dira hona migratu behar izan zuela.
2026eko irailaren 21 - 22:03
Etxerik gabeko pertsona baten bizitokia eta gauzak erre dituzte Iruñean
— ARGAZKIA Diario de Navarra-ren bidez

Ceutaz harago, gurean ere izaten ari dira kale-egoeran dauden etorkinen aurkako eraso bortitzak. Iruñean, irailaren 7an gertatutako eraso baten berri eman dute oraintsu: etxerik gabeko migratzaile gazte baten bizitokia eta gauza guztiak erre zituzten egun horretan, arratsaldeko 20:00ak aldera.

Diario de Navarra-k jaso duenez, irailaren 17an jarri zuen salaketa SOS Arrazakeriak kolektiboak. Jatorri aljeriarrekoa da biktima, eta duela sei hilabete migratu behar izan zuen hona, antza denez, lan egiteko eta bere amak pairatzen duen minbiziari aurre egin ahal izateko. Iruñean, Arga ibaitik hurbil bizi zen gaztea, kanpin-denda batean, baina zeukan guztiari su eman zion ezezagunen batek hilabete honen hasieran. Gaztelania ikasten ari da gizona, eta eskolan zegoela erre zituzten bere gauzak.

"Dena galdu dut", azaldu dio aipatutako hedabideari. Gasolina bota eta su eman zieten bere arropei, mantei, janariari eta diruari. Ez daki nork eragin zuen sutea, baina jakinarazi du egun batzuk lehenago hiru gazte hurbildu zirela bere bizitokira; gazteleraz mintzo zirela dio.