Aurreko igandean eman zuen berria Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: egun batzuk lehenago, Iruñeko (Nafarroa) Jarauta kalean, etxebizitza bloke batera sartu ziren hainbat familia eta pertsona, han bizi ahal izateko. Langile kontrolpeko espazio berria argitara atera zen unetik ezarri zuen legez kanpoko setio egoera bat Iruñeko Udalak (Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen udal enpresaren jabetzakoa da eraikina), udaltzainen bidez. Blokea hustea eta barruan zeuden pertsona guztiak etxegabetzea lortu duenera arte, erabat itxita eta kontrolatuta izan du eraikina, eta hainbat lagunek egunak igaro dituzte bloke barruan bahituta.
Ia bost eguneko sarbide-kontrol horren ondoren eta hainbat egunez askotariko legez kanpoko praktikak erabili ondoren, Iruñeko Udaltzaingoak atzo gauzatu zuen bloke osoaren hustea, legez kontra hori ere. Blokean bizi ziren pertsonei ez diete defentsa juridikorako inolako aukerarik eman etxegabetzearen aurka, eta haiek etxetik kaleratuta eta horretarako prozesuan, oinarrizko hainbat eskubide urratu dizkiete udaltzainek eta udalak berak; nagusiki, etxebizitzaren bortxaezintasuna eta pertsonen zirkulazio askerako eskubidea.
Manifestua
Etxebizitza Bloke Sozialistan gertatutako guztiaren harira, babes-manifestu bat aurkeztu du berriki Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak. Besteak beste, azken egunetako gertakariak eta eskubide urraketak azaldu dituzte idatzian, baita erantzule politikoak seinalatu eta etxebizitzarako sarbide unibertsala aldarrikatu ere.
Nafarroako eta Iruñerriko hainbat kolektiboren babesa jaso du jada Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak: Iruñeko CNT, Nafarroako CGT, Nafarroako ESK, Nafarroako Salhaketa, Haritu Elkarlaguntza Sarea, Hipotekak Kaltetutakoen Berriozarko Plataforma, Zabaldi, Martes al Sol, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Sanduzelai Sare Sozialarena, hala nola.
Jarautako hainbat tabernak eta lokalek ere eman dute euren atxikimendua: Katu, Viana, Zulo, Aitzina, Oreja, Gallego, Giroa, Askartza eta Matalazek, hain zuzen ere.