AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/12 13:51

Gaur eguerdian eman du berria Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: Iruñeko (Nafarroa) Jarauta kalean, langile kontrolpean dago etxebizitza bloke bat. Hainbat familia bizi dira eraikin horretan duela zenbait egunetatik, tartean, aurretik etxegabetuak izan diren familiak, indarkeria matxista jasan dutenak edota haurrak dituztenak; bai eta emantzipatu ezinik dauden gazteak eta lan-arazoak direla-eta alokairu bat ordaindu ezin duten zenbait pertsona ere.

Iruñeko Udalaren jabetzakoa da birjabetutako blokea; Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresarena, hain zuzen ere. Eraikineko etxe gehienek urteak daramatzate hutsik, eta horrek erakusten du, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "udalak ez duela etxebizitza pertsonen beharren arabera kudeatzen, etxebizitza-negozioaren beharren arabera baizik". "Birgaitzearen promesa aitzakiatzat hartuta, hamarkadetan zehar bizilagunen desplazamendua eta Alde Zaharreko kale honen [Jarauta] zein beste batzuen degradazioa sustatu dira", gaineratu du sindikatuak.

Legez kontrako etxegabetze saiakera

Udaltzainak 13:00ak aldera bertaratu dira eraikinera, Eulen enpresako sarrailagile batekin. Polizia nahiz sarrailagilea sartu dira blokera, eta legez kontrako kaleratze bat gauzatzen saiatu dira. Etxe barruan dagoen bizilagunetako batek adierazi die, etxegabetze bat egotekotan, legez kanpokoa izango litzatekeela; ez baitago inolako agindu judizialik.

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak (Kontseilu Sozialistaren eskutik) egindako deiari erantzunez, hainbat lagun bertaratu dira Jarauta kaleko 19. zenbakira, langile kontrolpeko espazio berriari eta bertan bizi diren pertsonei babesa emateko. Horri esker, etxegabetzea geratzea lortu dute.

Ez Polizia ez sarrailagilea ez dira etxeetara sartu; atarian izan dira, eta etxeetan zeuden pertsona guztiak behartu dituzte identifikatzera. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak gauean salatu duenez, sarbide-kontrol bat ezarri du Poliziak: bloketik irteten diren pertsonei ez die uzten berriz sartzen, eta erabat itxita dauka eraikineko sarrera. Setio egoeran daude blokean bizi diren lagunak, eta modu horretan etxegabetu nahi dituzte.

Bloke sozialista berria, proletalgoaren premiei erantzuteko

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak adierazi du Jarauta kaleko blokera sartu diren pertsonen erabakia babesten duela, eta bere gain hartu duela "espazio horren ardura"; "bere mantentzea, defentsa eta bertan bizi diren pertsonen ongizatea bermatzeko". Aurrera begira ere jarri dira sindikatuko kideak: "Etxebizitza horiek ez dira soilik orain bertan bizi direnentzat baliagarriak izango; ahal dugun neurrian, etxebizitza bloke sozialista berria hiriko proletalgoaren beharretarako erabilgarria izan dadin kudeatuko dugu".

Erakunde publikoak ere etxegabetzeen gorakadaren errudun

"Geroz eta zailagoa da etxebizitzarako sarbidea, eta, horrekin batera, etxegabetzeak gora doaz", seinalatu du berriz Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Eta ohartarazi du ez direla soilik bankuak eta putre-funtsak horren erantzule: "Jabe txikiek eta instituzio publikoek ere etxegabetzen gaituzte". Erakunde publikoen kasuan, etxegabetzeak zuzenean gauzatzen dituztela, "horiek gauzatzeko inpunitate egoera" sortzen dutela, edota kaleratze bat izatean ez dutela "alternatiba errealik eskaintzen" gogorarazi du sindikatuak.

Iruñeko Udala horren guztiaren adibide da, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak urrian salatu zuenez. "Etxebizitza Sindikatuan egunez egun egiaztatu ahal izan dugu udalak hainbat pertsona etxegabetzen dituela, muturreko egoeran dagoen jendeari ez diola alternatibarik eskaintzen eta, aldi berean, etxebizitzaren negozioan parte hartzen duten askotariko eragileen aberastea sustatzen duela", jakinarazi dute sindikatuko kideek.

"Askotariko etxejabeek haien irabaziak handitzen dituzte etxebizitzarako sarbidea mugatzearen kontura. Gizarte honetan erabakimena duten agente guztiek, instituzio publikoak barne, prozesu horri mesede egiten diote, eta ez diote berekin dakartzan etxegabetzeei behin betiko amaiera emango", ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Gure oinarrizko beharren defentsan aurrera egiteko eta kalitatezko etxebizitzara sarbide unibertsal eta doakoaren alde", beraz, urrats bat gehiago izango da Iruñean birjabetutako etxebizitza blokea.

EZ DAGO IRUZKINIK