AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/12 22:13

Jarauta kalean etxebizitza bloke bat birjabetu, eta langile kontrolpeko espazio berri bat ireki dute Iruñean (Nafarroa). Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eguerdian jakinarazi du, duela zenbait egun, hainbat pertsona sartu zirela blokera, eta han bizi direla ordutik. Tartean daude aurretik etxegabetuak izan diren hainbat familia, indarkeria matxista jasan dutenak edota haurrak dituztenak; bai eta emantzipatu ezinik dauden gazteak eta lan-arazoak direla-eta alokairu bat ordaindu ezin duten zenbait pertsona ere.

Birjabetzearen berri eman bezain pronto, zenbait udaltzain bertaratu dira Jarautako 19. zenbakira, sarrailagile batekin. Blokean bizi diren pertsonek bertan hainbat egun daramatzaten arren, Poliziak esan du gaur bertan sartu direla eraikinera eta gaur izan dela birjabetzea; eta, gezur hori erabilita, etxegabetzea gaur gauzatzen ahalegindu dira. Etxeetara sartzen saiatu dira, eta barruan zeuden pertsona guztiak behartu dituzte nortasun agiriak ematera.

Eguerditik, blokearen kanpoaldean bildu dira hainbat eta hainbat lagun, langile kontrolpeko espazio berria eta barruan dauden pertsonak babesteko. Horri esker lortu dute etxegabetzea geratzea, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez.

Desokupazio-enpresa baten modura

Dena den, Iruñeko Udaltzaingoak sarbide-kontrol bat jarri du Jarauta kaleko 19. zenbakiko atalondoan, "desokupazio-enpresa faxistek egiten duten modura". Eraikinetik ateratzen diren pertsonei ez diete uzten berriz irteten, eta erabat itxita daukate blokeko sarrera.

"Helburua argia da", esan du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak: "Jendeak bere etxea utzi ahala (lanera joan behar dutelako, eskolara, edota edozein erosketa egitera) blokea hustea". Beraz, une honetan bloke barruan dauden pertsonak "setio egoeran" daudela salatu dute sindikatuko kideek, eta badirudi Poliziak ez duela kontrol hori kenduko.

Hori guztia dela-eta, zenbait bizilagunek euren etxeak utzi behar izan dituzte jada, baina badira gaua han igaroko duten batzuk.

Dei egin diete berriz Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresari eta Iruñeko Udalari "legez kanpoko sarbide-kontrol hori kendu" dezaten, eta gogor salatu dute aurrera eraman nahian ari diren legez kanpoko etxegabetzea.

EZ DAGO IRUZKINIK