AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/14 19:39

"Eskandalagarria" izaten ari da Iruñeko Udalaren jarrera Jarauta kaleko Etxebizitza Bloke Sozialistari dagokionez, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, igandean, langile kontrolpeko etxebizitza blokearen berri eman zuenetik, legez kanpoko sarbide-kontrol gogor bat ezarri du eraikinean udalak. Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresaren aginduz (bera da blokearen legezko jabea) eta udaltzainen bidez, erabateko setio egoera bat ezarri dute Jarautako 19. zenbakian, eta xantaia gogor bat egin diete Etxebizitza Bloke Sozialistako bizilagunei: euren etxeetatik irteten badira, kale gorrian geratuko dira, ez baitiete berriz sartzen utziko. Ez haiei, ez beste inori, momentuz.

Egoera horretan, birjabetutako blokean bizi diren familietako eta pertsonetako batzuek hiru egun daramatzate etxe horietan bahituta; igande eguerditik. Une honetan, blokeko hiru pisutan jarraitzen dute eusten hainbat lagunek. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak azaldu du, baina, beste hainbat pertsonak utzi egin behar izan dutela langile kontrolpeko blokea, "Poliziaren mehatxuak direla eta, eta errepresioaren beldur".

Gaur arratsaldean, gainera, igandean bezala, Eulen enpresako hainbat sarrailagile bertaratu dira eraikinera. Poliziarekin batera sartu dira, eta une honetan hutsik dauden bi pisutako sarrailak aldatu dituzte; alegia, bi etxegabetze gauzatu dituzte, legez kontra.

Protesta gaur iluntzean

Hirugarren egunez jarraian udaltzainek setio egoera mantentzeaz gain, gaur arratsaldean Espainiako Polizia igaro da Etxebizitza Bloke Sozialista aurretik, eta Foruzaingoa ere bertaratu da. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak, 19:00etarako, mobilizazio deialdi bat zeukan eginda eraikin aurrean; sarbide-kontrolaren eta isilpeko etxegabetze saiakeraren kontra, eta etxeetan eusten jarraitzen duten pertsonekin elkartasunez. Kontzentrazioa hasi aurretik, baina, Foruzaingoa joan da Jarautara eta, udaltzainen eta foruzainen artean, galarazi egin dute elkarretaratzea birjabetutako blokearen aurrean egitea: eraikinaren paretik urrundu dute protesta.

Legez kontrako praktikak udalaren aldetik, eta isilpeko etxegabetzea

"Legezkotasuna alde batera utzita, desokupazio-enpresek egiten duten bezala funtzionatzen ari da" Iruñeko Udala, Etxebizitza Sindikatuak seinalatu duenez. Etxebizitza blokean ezarri duten sarbide-kontrola, hasteko, legez kanpokoa dela nabarmendu dute sindikatuko kideek: "Pertsona bati bere bizilekuan sartzea galaraztea, pertsona horren jabetza izan ala ez, legez kanpokoa da". Bestalde, etxe bateko sarraila aldatzea ere legez kontrako etxegabetze bat gauzatzea dela argitu du sindikatuak.

"Udalaren helburua argia da", ondorioztatu du: "Sarbide-kontrol baten bidez, etxeak husten joatea eta, ondoren, legez kanpo kaleratzeak gauzatzea". Sindikatuak, beraz, berriz exijitu dio udalari "etxegabetze saiakera bertan behera utz" dezala eta "sarbide-kontrola berehala ken" dezala.

Erakunde publikoak ere, etxegabetzeen errudun

"Legalitate burgesaren funtzionamenduaren erakusgarri ona da hau; lege-marko arbitrarioa, jabetza pribatua defendatu behar denean erabat deuseztatzen dena", gaitzetsi dute Iru´ñerriko Etxebizitza Sindikatuko kideek. Gogorarazi dute Etxebizitza Sindikatuek hilabeteak daramatzatela "jabeek duten erabateko zigorgabetasuna salatzen" eta, Iruñeko kasuan, erakunde publiko bat dela jarrera berdina daukana eta, hortaz, "are handiagoa" dela inpunitatea. "Nola defendatuko dute erakunde burgesek proletariotza jabeen gehiegikerietatik, beraiek badira inpunitate osoz mekanismo berberak erabiltzen dituztenak?", galdegin dute Iruñeko kideek.

Bizi-baldintzen eta eskubide politikoen defentsa

Aldarrikatu dute borrokatu beharrekoa eta borrokatzen ari direna ez dela "soilik etxebizitza sarbidea" edota "errentagarriak izateko zain hutsik zeuden etxebizitzak birgaitzea eta proletalgoaren premien zerbitzura jartzea": "Eskubide politiko oinarrizkoenen defentsa ere bada, komunitate proletarioei arbitrarioki eteten zaizkien eskubideak. Ez dezagun ahaztu gure bizi-baldintzen aurkako ofentsiba eskubide politikoen aurkako erasoaldiarekin batera datorrela beti; zenbat eta miseria handiagoa, orduan eta erantzun-gaitasun txikiagoa". 

"Bere bizi-baldintzen eta eskubide politikoen alde lan egiten duen proletalgoaren antolakuntza independenteak soilik egin ahal izango dio aurre basakeria honi", gaineratu du gaurko elkarretaratzean Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak: "Norabide horretan indarrak metatuz, egunen batean lortuko dugu euren inpunitatearekin amaitzea". Hala, "etxebizitzarako sarbide unibertsalaren alde, proletalgoaren eskubide politikoen defentsan eta horiek hedatzearen alde, antolatzera eta borrokatzera" deitu du.

Eskerrak eman dizkie, gainera, azken egunetan blokea eta barruan dauden pertsonak babestu dituzten guztiei: "Diziplina militantearen eta konpromiso etiko hautsiezinaren eredu zarete; poliziek, burokratek eta espekulatzaileek inoiz izango ez duten konpromiso etikoa".

EZ DAGO IRUZKINIK