AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/16 13:55

Iruñeko (Nafarroa) Etxebizitza Bloke Sozialista hustu du gaur udaltzaingoak, Eulen enpresako langileek lagunduta. 11:00ak aldera hasi dituzte eraikina husteko lanak, eta goizean bertan gauzatu dute desalojoa. Itxura denez, kautelazko neurri modura hustu dute blokea; baina inola ere ez da jakinarazi oraingoz zer argudio erabili dituzten horretarako, eta zertan oinarritu diren kautelazko neurri hori eskatzeko.

Iruñerriko Etxebizizitza Sindikatuak desalojoaren berri eman bezain pronto, hainbat eta hainbat pertsona bertaratu dira Jarauta kalera, hustearen kontra protesta egiteko. Udaltzainez gain, Foruzaingoaren presentzia handia izan da, eta Etxebizitza Bloke Sozialistaren aurrealdea erabat itxi dute polizia-indarrek.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den igande eguerdian eman zuen argitara langile kontrolpeko espazio berria: jakinarazi zuen hainbat familiak eta pertsonak eraikinera sartzeko hautua egin zutela, han bizi ahal izateko, eta hainbat egun zeramatzatela han bizitzen. Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresaren jabetzakoa da eraikina.

Legez kontrako praktikak

Igande eguerditik bertatik, bata bestearen atzetik, erabat legez kontrakoak diren praktikak ikusi dira udalaren eta Poliziaren partetik Etxebizitza Bloke Sozialistaren kontra: udaltzaingoak, eraikineko sarrera guztiz kontrolatuta eta itxita, setio egoera bat ezarri du blokean eta hainbat egunez euren etxeetan harrapatuta izan ditu bizilagunak; eta eraikineko hainbat etxetako sarrailak aldatu dituzte udaltzainek eta Eulenek, besteak beste.

Errepresioaren beldur eta Poliziak egindako presioagatik eta mehatxuengatik, hainbat lagunek utzi behar izan dituzte blokeko euren etxeak: atzo bertan, eraikinera sartu zen familietako batek alde egin behar izan zuen bere etxetik, jasandako mehatxuak tarteko

Atzo iluntzean, agerraldi bat egin zuen udaletxe aurrean Iruñeko Etxebizitza Sindikatuak, hainbat kolektiboren babesarekin. Manifestu baten bidez, Etxebizitza Bloke Sozialistaren hustea salatu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK