2022ko Memoria Demokratikorako Legearen onarpenaren barruan, 1979. eta 1983. urteen artean ("Trantsizio" garaian, Konstituzioa onartu eta berehala) Espainiako Estatuak egindako "giza-eskubideen urraketak" aztertu ditu batzorde berezi batek. Ondorioak jakinarazi dituzte jada: estatu-indarkeriaren 63 biktima aitortu dituzte, motibazio politikokoak. 1979ko urtarrilaren 6an erail zituzten lehen bi biktimak, eta 1982ko abenduan azken biak, Felipe Gonzalez (PSOE) dagoeneko presidente zela.
63 biktima horien barruan, eskuin muturreko taldeek erail zituzten 34 eta polizia-indarrek 29. Euskal Herritarrak dira ia erdia, 31 hain zuzen ere. Bi irizpide markatu omen ditu ikerketa-batzordeak biktima izaera aitortzeko: heriotza gertatu izana eta motibazio politikoko indarkeria-testuinguru batean jazo izana.
Txostenean seinalatzen da 1978an Konstituzioa ezarri izanak ez zuela balio izan frankismoan hain bortitza izandako estatu-indarkeria bukatzeko, eta "espazio gris" batean kokatu zela "Trantsizioa" deitzen dena. Hainbat eragileren aldetik, beraz, "biolentzia politikoa" izan zela gaineratzen da, eta hamaika kasu ez direla "epaitu edo ikertu".
31 biktima Euskal Herrian, baina ETAko kideak zerrendatik kanpo
Euskal Herriko biktimen artean daude Yolanda Gonzalez (1980an, Fuerza Nuevako faxistek erail zuten ikasle eta militante politiko bilbotarra), Gladys del Estal (1979an, Tuteran erail zuen tiroz Guardia Zibilak, manifestazio antinuklear eta antimilitarista batean), Iñaki Kijera (1979an, Espainiako Poliziak tiroz hil zuen Donostian, preso eta errefuxiatu politikoen aldeko mobilizazio batean), Jesus Maria Zubikarai (Batallón Vasco Españoleko eskuadristek 1980an bahitu zuten Eibarren eta hil egin zuten, 1975ean ETAko kide izatea leporatuta kartzelaratua izan ostean), Tomas Alba (Batallón Vasco Españolek 1979an erail zuen Donostian Herri Batasunako zinegotzi izandakoa) eta abar luze bat.
Dena den, ETAko militanteak zirenak ez dituzte biktima modura aitortu, 2024an hala adostu baitzuten Ministroen Kontseiluan. Txostenean zehazten denez, "Batallón Vasco Español edo GALen eskuetan nahiz kontrolpetik kanpoko jokabide polizialetan hil ziren ETAko kideak ez daude analisi honetan jasota".