ACTUALIDAD / Herri unibertsitatea
Egungo nazioarteko testuingurua aztergai: ofentsiba inperialista eta gerra
Azken urteetan mundu mailan areagotu diren gatazkak direla eta, kapitalismoak bizi duen krisi inperialista aztertu dute Peio Ormazabal eta Asier Pradera EHKSko militanteek, Leioako campuseko Herri Unibertsitateko bigarren egunean. Inperialismoa prozesu historiko gisa ulertzeko eta haren egiturazko elementuez hausnartzeko beharra azpimarratu dute.
2026eko apirilaren 23 - 07:52
Egungo nazioarteko testuingurua aztergai: ofentsiba inperialista eta gerra

Egungo albistegi eta egunkarietako lerroburu guztiak munduko hainbat herrialderen arteko gatazkek hartu ohi dituzte: esate baterako, AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako erasoaldiak edo Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak. Gizarteko gai nagusietako bat izanik, Leioako campuseko Herri Unibertsitateko bigarren egunean presentzia handia izan zuen inperialismoak eta mundu mailako tentsio belikoak: goizean Arantxa Tiradok eta Leyner Ortizek inperialismoa Kubako eta Venezuelako adibideekin aztertu zuten bitartean, arratsaldean Peio Ormazabal eta Asier Pradera EHKSko militanteek egungo ofentsiba inperialista bere osotasunean aztertu zuten.

Izan ere, Praderaren beraren esanetan, 2025. urtea gatazka beliko gehien izan zituen urtea izan zen 1946az geroztik, II. Mundu Gerra amaitu ostean. Horren arrazoia, hein handi batean, zera dela adierazi zuen EHKSko militanteak: "Hegemonia galtzen ari da gainbehera betean dagoen bloke atlantista, eta gerra egiteko hautua egin du". Hortaz, azpimarratu zuten beharrezkoa dela inperialismoa deituriko prozesu historikoaren "barne logika" aztertzea, baita horren egiturazko elementuez hausnartzea ere.

Praderaren arabera, arrazoiak daude esateko "mundu gerra fasean" sartuta gaudela, eta horren hainbat adibide eman zituen: besteak beste, potentzia handien arteko lasterketa armamentistikoa, tropa eta azpiegitura militarraren etengabeko mugimendua eta orain arte egonkortuta zeuden estatuen konfigurazio territoriala –Trumpek Kanada nahiz Latinoamerikako zenbait herrialde inbaditzeko mehatxuak horren adierazle dira–.

Bi blokeen arteko talka

"Inperialismoa kapitalismoaren fase goren gisa ulertuta, inperialismoak eduki ohi duen egonkortze une hori amaitzen ari da", adierazi zuen Praderak. Horregatik, EHKSko militantearen esanetan, AEBen gidaritzapean jarduten duen bloke atlantistak "ofentsiba militar" bat abian jarri du: "Testuinguru ezegonkorrean dagoenez, dagoeneko haren helburua ez da lehengaien esportaziorako merkatuak irekitzea, baizik eta oinarrizko lehengaiak eskuratzen jarraitzea edo mantentzea".

Egun abian dauden gatazka belikoen atzean ezkutatzen dena, Praderaren arabera, zera da: AEBen gidaritzapeko blokearen eta Txinaren gidaritzapekoaren arteko talka. "Txina zenbait merkatutan AEBengana gerturatzen ari da –erdieroaleenean, esaterako–; beste batzuetan, berriz, dagoeneko gainditu du –energia berdearen produkzioarenean–". Halere, Praderak azpimarratu zuen "zalantzan" dagoena dela ea Txina gai izango den gainbeheran dagoen Mendebaldeko blokearen ondoren "metaketa ziklo berri bat" irekitzeko: "Hala bada, Txinak kapitalismoaren baitan aro historiko bat ireki dezake".

EHKSko militanteak adierazi zuen, "intuizioz", esan daitekeela Txinaren eta AEBen blokeek oinarri ezberdinak ordezkatzen dituztela –esate baterako, AEBenak "suntsipena eta gerra" eta Txinarenak "nazioarteko ordenaren defentsa"–. "Zentrala" dena, ordea, zera da Praderarentzat: ikertzea ea kapitalismoaren egungo krisiak zein eragin izango dituen Txinan. Izan ere, Praderak azaldu zuen inperialismoaren fase berri hori "are genozidagoa" dela, periferiako biztanleen bizitzak "bost axola" baitie zentro inperialistako herrialdetako agintariei.

Krisi kapitalistak Mendebaldeko herrialdeetan duen eragina

Egungo kapitalismoaren krisiaren ondorioz, Praderak azpimarratu zuen Europako oligarkiak "ofentsiba ekonomiko bat" abian jarri duela langileriaren aurka: gehienbat, inflazioaren eta enpresen itxieraren bidez –baita Euskal Herrian ere–. Horren harira, EHKSko militanteak oligarkia motak bereizteko beharra nabarmendu zuen, bloke bateko "frakzio burgesek" ez dutelako zertan interesak partekatu. Adibide gisa, AEBen gidaritzapekoaren –Trumpen inguruko lagunek osatua, azken aldian "diru asko" irabazten ari direna burtsan– eta Europakoa –zenbait herrialdek Trumpen eraginpetik aldendu nahi baitute, Europako autonomia estrategikoaren proposamenean oinarrituta–. Azken frakzio horren adibideetako bat Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidentea izan daiteke, Txinara egindako bisita eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan emandako konferentziak tarteko. Praderaren aburuz, horrek erakusten du Europako burgesiaren zati bat "influentzia poloa" aldatu nahian dabilela Europaren "berraktibazio industriala" gauzatzeko.

Bestalde, Peio Ormazabalek nabarmendu zuen kapitalismoa "mundu gerra fasean" sartu dela: "Fase horrek Europara autoritarismoa eta militarismoa ekarri ditu, ohiko integrazio ekonomikorako mekanismoak funtzionatzen ez dutenez". Neurri autoritario horiek, ordea, ez dituzte zertan alderdi faxistek ezarri Ormazabalen esanetan, baita ezkerreko alderdiek ere. EHKSko militantearen arabera, gerra zentro inperialistara gerturatzen ari da "pixkanaka-pixkanaka", eta, ondorioz, Europako herrialdeek bi neurri hartu behar dituzte: ehun industriala gerrara bideratzea eta biztanleria gerrarako prestatzea.

Irango gatazka eta EHKSren irakurketa

Egun lerroburu gehien hartzen dituena Irango gatazka izanik, Ormazabalek azpimarratu zuen gatazka hori Iran kokatzen den leku estrategikoak eragin duela, hein handi batean: "Mundu mailako merkaturako garrantzitsuak diren pasabideak eta energia baliabide natural ugari bertan kokatzen dira". Hortaz, eremu hori "gerra konstante egoeran" egon da azken urteetan, baita Israelen presentziagatik ere. Aurrerantzean, mundu mailako testuinguruak "gerra ireki baten" bilakaera izango duela aurreikusten du Ormazabalek.

Amaitzeko, EHKSko militanteak azpimarratu zuen "ezinbestekoa" dela bloke atlantikoaren aurka borrokatzea eta bloke horren "egitura garrantzitsuak" direnak seinalatzea eta salatzea: besteak beste, NATO eta Europako Batasuna. Horrez gain, Ormazabalek adierazi zuen EHKSren proposamena gutxienez Europa mailakoa izango den "politika internazionalista" sustatzea dela: "Begibistakoa da, eraginkortasun politikoa nahi bada, geroz eta eskala handiagoan antolatu behar dela. Horretarako, beharrezkoa da faxismoaren aurka eta oligarkiaren neurrien aurka egingo duen fronte bat eraikitzea".