ACTUALIDAD / Represión

Milaka lagunek kaleak hartu dituzte Frantzian, poliziek hiltzeko eskubidea edukitzearen aurka

Errepublikarrek, udan, polizia-agenteek zilegitasun osoz tirokatu ahal izateko lege-proposamena egin zuten. Gobernuak onetsita eta Asanblea Nazionalean irakurrita, Senatuak aurre-proiektua eztabaidatuko du datozen asteotan. Biktimen senideen elkarteek, GKEk eta antolakunde politiko ugarik ohartarazi dute: "Poliziek erailtzeko eskubidea izango dute".
2026eko irailaren 24 - 06:42
Milaka lagunek kaleak hartu dituzte Frantzian, poliziek hiltzeko eskubidea edukitzearen aurka
— ARGAZKIA @kekelaphoto

Joan den asteburuan zehar, hilaren 19an eta 20an, milaka lagunek Frantziako kaleak hartu zituzten Les Républicains (LR) alderdiko Eric Paugetek egindako lege-proposamenaren aurka: testuaren arabera, aurrerantzean, zilegitasun osoz tirokatuko lukete Poliziako eta Jendarmeriako kideek suzko armekin, beti ere "indarrean dagoen legedia" errespetatuz. Egiaz, ordea, legeak berdin-berdin babestuko ditu polizia-agenteak tiro egiteko, eta ostera etor litezkeen lege-prozeduretan zehar, are eta babes juridiko handiagoa izango lukete.

Hori horrela, iragan asteburuan ehun deialdi inguru izan ziren estatu osoan barrena, eta igande goiz nahiz arratsaldez "polizien hiltzeko eskubidearen" aurkako oihuak zabaldu ziren: Parisen 10.000 lagun inguru atera ziren kalera, Grenoble eta Lyonen (Auvernia-Rodano-Alpeak) 6.500 manifestari inguru izan ziren, 3.000 Marsellan (Probentza-Rodano-Kosta Urdina), eta beste horrenbeste Toulousen (Okzitania). Eskakizun argia egin zioten Senatuari: ez dezala lege-aurreproiektua eztabaidatu ere egin.

Izan ere, uztailaren 7an, Asanblea Nazionalak aurre-proiektuaren testua onartu zuen, eta gaur-gaurkoz Senatuan ari dira legea eztabaidatzen. Sebastian Lecornu (Renassaince) lehen ministroaren gobernuak bat egin zuen LR alderdi eskuindarraren proposamenarekin. Aurrerantzean, neurriak Senatuaren oniritzia eskuratuko badu, polizien tiroak legezkoak izango dira presuntzioz. Poliziaren biolentziaren aurkako epaiketetan, beraz, biktimen gertukoek erakutsi beharko dute horrelako interbentzio polizialetan "baldintza legalak betetzen" ez zirela.

Mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten dozenaka antolakundek; besteak beste, biktimen familien elkarteek, La France Insoumise (LFI) alderdiak, Stop aux Violence d’Etat elkarteak, Amnistia Internazionalak zein Giza Eskubideen aurkako Ligak. Hala, eragile horietako ordezkari askok eman dute lege-proiektuaren inguruko iritzia. Sinetsita daude Poliziaren jokabidea "Estatuko arazo larrienetako bat" denaz, eta legedia are eta autoritarioago bat onartzeak ondorio bakarra izango duela: egoera larria are eta okerragoa bihurtzea. Bere aldetik, Amnistia Internazionaleko bozeramaile batek zera adierazi zuen: "Susmoak ditugu jada handia den biolentzia poliziala hazi egingo dela lege hau onartzen dutenean". Gainera, GKEak legea Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziaren aurkakoa dela esan du, arau-multzo horrek dioelako hil arteko indarraren erabilera "behar-beharrezkoa" erakustea Estatuen ardura soila dela, eta ez norbanakoena. Horrez gain, mobilizazioetako batean, Samia El Khalfaoui Stop aux Violence d’Etat-eko ordezkariak hitza hartu eta, biolentzia polizialaren biktimen zerrenda luze bat irakurri ondoren, zera azaldu zuen: "Biktimen gehiengoa langile-auzoetako bizilagunak ziren, eta balek eragindako zauriengatik hil ziren. Ondorioz, kezka handia dugu lege honek ez ote duen familia zaurgarrietako kideen aurkako biolentzia areagotuko". Frantziako Arartekoaren arabera, Poliziak kontroletan 20 aldiz gehiago miatzen du biztanleria arrazializatua.

Lau gako

Hein horretan, kezkagarria da oso azkenaldian argitaratu den informazioa. Lehenik, Amnistia Internazionalaren arabera, 2017ko otsailaren 28ko legea onartu zenetik, bost aldiz hazi da, ibilgailu barruan zeudela, poliziek tiroz eraildako pertsonen kopurua. Izan ere, erreforma hark eskumena eman zien polizia-agenteei gidariei tiro egiteko, "baldin eta berehalako arriskua" aurreikusten badute. Bigarrenik, Sebastian Roché soziologoak baieztatu zuen Frantziako Poliziak eta Jendarmeriak 2025ean 49 lagun erail zituztela, eta 2026eko lehen bost hilabeteetan 22 izan direla eraildakoak. Reuters hedabidearen arabera, eraildako biktima horien gehiengoa arrazializatutako gazteak ziren. Hirugarrenik, 2024an, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak Parisi "indarraren gehiegizko erabilera" zaintzeko gomendatu zion. Laugarrenik, Giza Eskubideen Liga elkarteak 2017 eta 2026 polizien 437 tiroketa kasu aztertu zituen. Bada, bederatzi kasu besterik ez ziren amaitu polizien aurkako ebazpenekin, aztertutako horien %2 bakar-bakarrik. Elkarteko lehendakari Nathalie Tehioren hitzetan, lege berria "polizien zigorgabetasuna ekoizteko" diseinatu dute: poliziek zigorgabe tiro egin badezakete, pertsona "susmagarriak" ez dituzte atxilo hartuko, ez dira komisarietako bideo-kameren aurrean egongo, eta ez da grabaketarik egongo.

Haatik, larunbat goizean Laurent Nuñez (Renaissance) Barne ministroak ohar argigarri bat bidali zien departamentuetako prefekturei: bertan, indar polizialei "zaintza berezia" egiteko agindu zien. Poliziak indarrez desegin zituen mobilizazioetako batzuk; eta, bereziki, oihartzuna hartu dute Parisko igande arratsaldeko irudiek: gas negar-eragilez, tiroz eta borraz egin zuten manifestarien aurka. Larunbatean, indarrez desegin zuten 2.000 pertsonako mobilizazioa Rennesen (Ille-et-Vilaine), eta zortzi lagun eraman zituzten atxilo.

Kasu zaharrak eta berriak

Eztabaida mahaigaineratu bada, legearen aurkako biztanleriak zer ezkutatu nahi den argi duelako da. 2016ko uztailaren 19an, polizia-agenteek polizia-etxean erail zuten Adama Traoré 24 urteko gaztea. Atxilo zuten, eta kamerengatik ez balitz, ez litzateke posible izango kasuaz gaur dakiguna ezagutzea. Hiri ugaritan protestak piztu ziren, eta agerian gelditu zen Estatuko instituzioen arrazakeria. Aurtengo otsailean, Frantziako auzitegi batek hiru polizia kargugabe utzi zituen.

2020ko urrian, Poissyn (Frantziako Uhartea), Poliziak Olivio Gomez gaztea erail zuen trafiko-kontrol batean. Tiro egin zuen agenteak "bidezko defentsa" alegatu zuen, baina ostera argitara atera ziren irudiek agerian utzi zuten poliziaren gezurra; are, irudioi esker ez balitz, haren anai Leonelek ezingo lioke prozesu juridikoari eutsi. Azkenerako, hamar urteko kartzela-zigorra ezarri zioten agenteari.

Antzerako kasuek protesta uholdeak piztu dituzte Frantzian. Sona handia hartu zuen Naëlen kasuak, 2023ko ekainean Poliziak trafiko-kontrol batean eraildako gaztearenak. Protesta-uholde ikaragarria piztu zuen indarkeria polizialak, eta astebetean 3.600 lagun atxilotu zituzten. Bi urte lehenago, polizia batek Souheil El Khalfaoui 19 urteko gaztea erail zuen, Naëlen antzera: trafiko-kontrol batean ibilgailua ez gelditzeagatik erail zuten. Aurtengo uztailean, Asanblea Nazionaleko bozketetan bertan egon zen Issam aita, eta ordu hartan "politikariek biktimen senideekiko inolako errespeturik" ez dutela adierazi zuen, erabat etsita. Arestian aipaturiko datuei erreparatuta, bortizkeria handiko kasu asko daude.

Azken hilabeteotan, izan dugu beste bi kasuren berri. Esaterako, uztailean, Parisko jatetxe batean, lanean ari ez zen polizia batek emakume bat tirokatu eta erail zuen, emakumea "bere onetik at" zegoela eta "defentsa legitimoa" alegatuta. Bestela, duela hamar egun inguru, argitara atera da ekaineko bideo bat: irudiotan, Carcasonako (Okzitania) hainbat polizia-agente ageri dira. "Gehiegizko zaratagatik" bertaratu ziren, eta iritsi orduko Yousef izeneko pertsona bat lurrera bota zuten; orduantxe, lurra buruarekin jo zuen gazteak. Hainbat minutuz eduki zuten Yousef lurrean, bortizki jazartzen. Hamahiru egun beranduago hil zen, "gehiegizko gaindosiagatik". 29 urte zituen. Bideoa orain filtratu da, eskandalu batek eztanda egin baitu hirian: hain zuzen, Yousef jazarri zuen agenteetako batek komentario arrazista eta xenofoboak egin zituen bertan ("arabiar eta mairuez nazka-nazka eginda nago"). 50 urteko agentea da, Armadako kide ohia, eta kasuak eztanda egin du ez zuelako soinean zeraman kamera itzali hurrengo orduetan zehar.