Jolastokietako (Herrera, Donostia) eraikin batean bizi diren pertsonek atzo jaso zuten abisu bat, gaur goizean bertatik kanporatuko zituztela esanez. Donostiako Harrera Sareak azaldu duenez, etxerik gabeko 30 bat lagun bizi dira gaur egun pabiloi horretan, eta inolako bizitoki-alternatibarik bermatu gabe botako dituzte.
Desalojoaren aurka protesta egitera deitu zuten Harrera Saretik, eta 08:30etik bertan dira hainbat manifestari. Segizio judiziala 09:30ean bertaratzekoa zen, baina, ia 10:00etan, ez da haien berririk. Polizia, dena den, bertan da jada, eta Ertzaintzak polizia-kordoia ezarri du pabiloiaren bueltan.
Administrazio-erregulario prozesuan daude gaurkoan etxegabetu nahi dituzten pertsonak. "Gaur egun formakuntza ezberdinak egiten ari dira, enplegu bat lortu eta bizitza-proiektu autonomo bat eraiki ahal izateko", jakinarazi du Harrera Sareak. "Donostiak gero eta zailago jartzen die hirian bizi ahal izatea", gaineratu du.
Azken urtean, kale-egoeran dauden ehunka lagunek bizitokitzat hartutako eraikin ugari desalojatu dituzte Donostialdean, besteak beste Herreran eta Martutenen. Jon Insausti alkateak (EAJ), gainera, behin baino gehiagotan berretsi du etxegabetze masibo horiekin jarraitzeko determinazioa.