ACTUALIDAD / Primero de mayo
Gerra inperialistaren aurkako aldarri ozena Langileon Nazioarteko Egunean
Milaka lagun mobilizatu dira Iruñean, EHKSk antolatutako manifestazioan.
2026eko maiatzaren 1 - 13:13
Gerra inperialistaren aurkako aldarri ozena Langileon Nazioarteko Egunean

Maiatzaren Lehenean, Langileon Nazioarteko Egunean, gerra inperialistaren aurka mobilizatu da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS). Zezen Plazatik abiatu den manifestazioak jendez bezainbat bete ditu aldarriz Iruñeko kaleak, eta argi salatu dute Mendebaldeko oligarkia gerran sartzen ari dela mundua, Amerikako Estatu Batuak eta Israel buru dituztela. Horiek horrela, NATOren eta sionismoaren suntsiketa erreibindikatu dute.

Manifestazioaren bukaeran, Foruen Plazan hartu dute hitza EHKSko bozeramaileek, eta seinalatu dute gerrak, besteak beste, langileen pobretzean sakondu eta inperialisten aberastasuna defendatzen duela: "Erregaien zein elikagaien prezioak neurriz kanpo igotzea albo-kaltea da enpresari batzuentzat, eta, kontrara, negozio berriak egiteko aukera, beste batzuentzat. Langileontzat, ordea, miseria esan nahi du: hilabete amaierara ezin iristea". Errealitate horren adibidetzat aipatu dute hainbat enpresa "kinka larrian" egotea, hain zuzen, ez dutelako "enpresariak asebetetzeko adina irabazi" sortzen: "Gutxi batzuen irabaziak handitzea beste helbururik ez duen erokeria honi aurre egitea premiazkoa da, eta hemen milaka langile elkartu gara horretarako".

Mendebaldeko kapitalismoa ataka estuan

Hitz-hartzean gaineratu dute krisian dagoela Mendebaldeko kapitalismoa, eutsi ezinik dabilelako oinarrian dituen irabazi kapitalistei: "Negozioak mantentzeko behar dituzten baliabideen eta eremuen kontrola militarki eskuratu nahi dute. Trump gerraren aurkako mezuekin iritsi zen presidentetzara, eta urte eta erdi geroago gerran barruraino sartuta dago".

Era berean, sionismoa ere salatu dute gizateriarentzat dakarren arriskuagatik, eta Alemania Naziarekin alderatu dute: "Erregimen supremazista, espantsionista eta gerrazalea da sionistek gidatutako estatua. Eta basakeria hau ezingo lukete gauzatu Mendebaldeko hainbat erakunderen konplizitaterik gabe; horien artean, NATO eta Europar Batasuna, Europako Batzordeak gidatuta". Horri lotuta gehitu dute erresistentzia dela aukera bakarra muturreko egoeran dauden Ekialde Hurbileko milioika pertsonarentzat: "Zilegitasun guztia daukate, eta haien ondoan lerratzen gara".

Mugetatik harago

Testuinguru gordinaren aurrean, EHKSk beharrezkotzat jo du langileen arteko elkartasun internazionala antolatzea: "Arriskua dago nor bere lurraldean gotortzeko; nork bere arazoak lehenetsita salba daitekeela pentsatzeko. Euskal Herrian ere horretan dihardute alderdi instituzional guztiek, eskuinetik ezkerreraino; baina erratuta daude". Izan ere, EHKStik nabarmendu dute "mundu mailakoa" dela egoeraren irismena eta isolamendua ez dela aukera bat: "Tokiko ikuspegi batetik ez dugu bukatuko, besteak beste, enpresen itxierekin edo bizitzaren garestitzearekin. Beharrezkoa da langileon elkartasun internazionala ehuntzea. Ekialde Hurbileko eta Kubako langileen arazoak, gureak ere badira".

Alderdi komunista Europa mailan sortzeko premiari egin dio azpimarra EHKSk, etsaiari "neurri berdinean" aurre egiteko: "Horretan ahaleginduko gara aurrerantzean ere, eta gaurko mobilizazioek mugarri bat gehiago jarri behar dute norabide horretan".