ACTUALIDAD / Kubaren aurkako blokeoa
Kubarako elkartasuna tonaka bildu dute EHKSk eta IASek
Guztira, Euskal Herriko 93 herritan eta 100 hezigunetan bildu dituzte oinarrizko produktuak Kubara eramateko. Bilketan "aurreikuspen guztiak" gainditu dituztela azaldu dute, eta militanteen zein boluntarioen lana goratu dute.
2026eko apirilaren 27 - 06:55
Kubarako elkartasuna tonaka bildu dute EHKSk eta IASek

Kubara eramateko oinarrizko produktuen bilketan "aurreikuspen guztiak" gainditu dituztela adierazi dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS). Ekimena elkarlanean antolatu dute Euskadi-Cuba elkartearekin, eta joan den asteetan Euskal Herriko 93 herritan eta 100 hezigunetan egin dituzte bilketak.

Antolatzaileek nabarmendu dute militanteen zein boluntarioen lanari esker bidaliko dutela laguntza Kubara, eta eskerrak eman dizkiete parte hartu duten herritarrei ere: "Euskal Herriko langile-klaseak ez du ahaztu Kubak hamarkadetan zehar erakutsi duen konpromiso internazionalista. Bueltan emateko garaia da, ahal dugun neurrian".

Egoera larriari aurre egiteko milaka kilo material bildu dute postuetan, hain zuzen, material sanitarioa, higiene materiala, garbitzeko materiala, elikadura-osagarriak zein elikagai ez galkorrak, kirol-materiala eta ikas-materiala...

Elkartasun internazionalista

Era berean, gogora ekarri dute Kuba estatu sozialista izateagatik izan dela solidarioa, eta estatu sozialista izateagatik ari dela sufritzen Amerikako Estatu Batuen (AEB) "blokeo kriminala". Hari berari tiraka aldarrikatu dute mobilizatzen jarraitu behar dela: "AEBen, Europako Batasunaren eta NATOren politika inperialista eta genozidaren aurka mobilizatzen jarraitu behar dugu; besteak beste, Kubak jasaten duen egoera amaitu dadin eta Ekialde Hurbilera eraman duten gerra bukatzeko. Gerra inperialistaren aurka, jarrai dezagun kaleak hartzen".