ACTUALIDAD / Herri unibertsitatea
2026ko Herri Unibertsitateak: antolakuntzak fruituak eman dituelako adierazle
Hiru eguneko egitarau oparoaren eta Euskal Herriko campusetako bizitza soziala guztiz irauli ondoren, amaitu dira 2026ko Herri Unibertsitateak. Maila handiko hitzaldietan eta bestelako jardueretan ehunka ikasle bilduta, garai nahasietan ikasle mugimenduaren indar erakustaldia izan da.
2026eko apirilaren 27 - 09:00
2026ko Herri Unibertsitateak: antolakuntzak fruituak eman dituelako adierazle

Nazioarteko eta Euskal Herriko ikasle mugimendua azken hilabeteetan kriminalizazio kanpaina handi bat jasaten ari da. Jardun politikoa egiteko eskubidearen aurkako erasoak tarteko, EHUko errektoretza zein hedabide nagusiak ikasleria antolatuaren kriminalizazioa eta jazarpena bultzatzen ari dira, gezurren eta manipulatutako gertakarien bidez. Hala ere, egungo garai nahasiek ezarritako oztopo guztien gainetik, ikasle mugimenduak indartsu jarraitzen du, eta horren adierazle izan dira Herri Unibertsitateak.

Hiru egunetan zehar, azken urteetan itzaltzen joan den unibertsitateko bizitza soziala berreskuratu dute Euskal Herriko campusetan. Formakuntza politikoaren eta aisialdi alternatiboaren aterpe izan dira Euskal Herriko unibertsitateak, eta ehunka ikaslek parte hartu dute ikasleria antolatuak borondatezko lan militanteari esker osatutako egitarau oparoetan: egungo gizarteko auzi nagusiak aztertu dituzten maila handiko hitzaldietan, tailerretan edo kirol ekintzetan.

Herri Unibertsitateen esentziari jarraiki

Izan ere, antolatzaileek azpimarratu dutenari jarraiki, Herri Unibertsitateak ikasleen beharrak eta interesak asetzen ez dituen egungo unibertsitate ereduari kontrajarriak sortu ziren, eta halaxe izan dira aurtengoak ere: egungo nazioarteko egoera zeharkatzen duten inperialismoaren edo faxismoaren gorakadaren inguruan hausnartzeko aukera izan dute ikasleek, baita Euskal Herriko iraganaz eta aktualitateaz ere.

Gainera, Herri Unibertsitateen benetako oinarria aintzat edukiz gero, Euskal Herriko campusetan eskainitako egitarau oparoak are oparoagoak dira: ikasleria antolatuak esfortzu eta karga handiko lan militante independentearen bidez eginiko eskaintzaren aterpe dira Herri Unibertsitateak, egun ikasleria kezkatzen duten gaiez mintzatzeko eta euren beharrak asetzeko.

Ikasleen formakuntza politikoa sustatzeaz gain, Herri Unibertsitateen helburu nagusietako bat unibertsitateko bizitza sozialaren galera iraultzea da, eta, kontrara, ikasleak euren artean unibertsitate eremuetan sozializatzea bultzatzea. Helburu horri jarraiki, azken hiru egunetako ekintzetan nahiz unibertsitatean gauak igaro dituzten ikasleek unibertsitateari bizia eman diote, unibertsitate eremuetako bizitza soziala berreskuratzera bidean aurrerapauso handiak izanik.

Ikasle mugimenduaren indar erakustaldia

Bestalde, egungo mundu mailako krisi historikoa dela eta, estatuak autoritarismora jotzen ari dira, eta horrek zuzenean kolpatzen du ikasleria antolatua: jardun politikoa egiteko eskubidea geroz eta murritzagoa da hezkuntza zentroetan, baita Euskal Herrian ere. Horren isla da azken hilabeteotan EHUko ikasleria pairatzen ari den kriminalizazio kanpaina, "segurtasunaren eta bizikidetzaren" aitzikiapean EHUko errektoretzak eta hedabide nagusiek bultzatuta.

Hala ere, aurtengo Herri Unibertsitateek zera erakutsi dute: ikasleriaren antolakuntza independentearen bidez oztopo guztiak gainditu daitezkeela, eta ikasleen benetako interesak eta beharrak ordezkatu. Ehunka ikasle politikoki garatzeko eta euren aurten komunitatea sustatzeko balio izan dute azken hiru egunek, eta halaxe izaten jarraituko dute datozen urteetan antolatuko diren Herri Unibertsitateek ere.