ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Inmobiliaria Elizalde
2024/11/26 13:16

Higiezinen Jabetzako Eragileen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak txosten bat argitaratu du, herrialdeko etxebizitza-merkatua aztertuta, eta 2024ko hirugarren hiruhilekoari buruzko hainbat datu eman berri ditu. Atzo egin zuten agerraldi bat elkargoko hainbat kidek eta Sabadell banketxeak, emaitzak aurkezteko.

Uztailetik irailera bitartean, Gipuzkoan %0,5 garestitu da metro koadroaren prezioa, eta 3.496 euroraino heldu da urteko hirugarren hiruhilekoan. Urtebetean, beraz, %2,2 egin du gora prezioak, 2010etik hona marka guztiak hautsita.

Eta Gipuzkoan, noski, hiriburua nabarmentzen da: Donostian goia jo du metro karratuaren prezioak hirugarren hiruhilekoan, 5.613 eurora iritsita. Aurreko hiruhilekotik %1 hazi da kostua, eta %4,6 urtebetean. Hala, une honetan, inoizko preziorik garestiena dauka hiriko metro koadroak.

Alokairu berriak, 800 euro baino gehiagoan

Alokairuaren prezioari buruzko hainbat datu ere kaleratu dituzte berriki: Alokairu merkatuaren estatistika azterlana egin du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, urteko bigarren hiruhilekoa ikertuta. Behatokiaren esanetan, EAEn, 754,3 euro balio du etxebizitza libre baten alokairuak, batez beste. Hala ere, alde handiak identifikatu ditu eremuaren arabera.

Gasteizen (Araba), ofizialki, 9.630 etxebizitza libre daude alokairuan, 713,4 euroan batez beste. Bilbon (Bizkaia) erregistratutako 15.426 alokairu-kontratuetan, 829 euroko batez besteko prezioa atzeman dute, eta Donostiako 9.461 kontratu ofizialetan, 1.005,6 eurokoa.

2024ko bigarren hiruhilekoan zehar sinatutako alokairu-kontratu berriak ikusita, batez beste, 807,2 euroan hitzartu dute errentaren prezioa. 2023ko aldi berean baino %4,6 garestiagoa da hori.

NO HAY COMENTARIOS