ACTUALIDAD
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak zalantzan jarri ditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak asteartean egindako adierazpenak. Bertatik esan zuten alokairu-kontratu berrien prezioak %2,1 jaitsi direla Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta jaitsiera hori tentsio handiko eremuen izendapenarekin lotu zuten. Alokairu Merkatuaren Estatistikako datuak aztertu ondoren, ordea, sindikatuak ondorioztatu du Jaurlaritzaren irakurketa "guztiz zalantzagarria" dela, bai hautatutako datuei dagokienez, bai horien gainean egindako interpretazioari dagokionez.
Lehenik eta behin, sindikatuak salatu du Jaurlaritzak erabilitako lagina oso murritza dela, sinatutako kontratu berriak soilik hartzen baititu kontuan. Guztira, 3.450 kontratu dira, Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta dauden 87.136 kontratuen %3,96 baino ez. Gainera, iturri berdinera joz baina alokairu-kontratu guztiak kontuan hartuz gero, prezioak ez dira jaitsi aztertutako denbora-tarte berean, %1 inguru igo baizik. "Aurretik indarrean zeuden kontratuek goranzko joera mantendu dute", azaldu dute sindikatutik.
Bigarrenik, denbora-esparruaren hautaketa ere kritikatu du sindikatuak. Jaurlaritzak 2025eko laugarren hiruhilekoaren eta 2026ko lehenengo hiruhilekoaren arteko eboluzioa soilik aztertu du, hain zuzen ere, EAEko hiru hiriburuak tentsio handiko eremuak direnetik aurrerako aldia. Hala ere, urtebeteko eboluzioa aztertuz gero, 2025eko lehenengo hiruhilekotik 2026ko lehenengora, kontratu berrien prezioek %3,8 egin dute gora. "Begirada pixka bat altxatuz gero, erraz ikus daiteke neurri horrek ez duela eragin alokairuen prezioen egiazko jaitsiera bat", dio sindikatuak.
Zalantzan jarri ditu, halaber, %2,1eko jaitsieraren emaitza lortzeko erabilitako beste irizpide batzuk. Batetik, familia bakarreko etxebizitzen alokairu-kontratuak kanpoan utzi dira, eraikin kolektiboetako pisuak soilik aintzat hartuz. Bestetik, errentaren zenbateko osoa erabili da erreferentzia gisa, metro karratuko prezioa erabili beharrean. Azken adierazle hori fidagarriagoa da prezioen benetako eboluzioa neurtzeko, etxebizitzen tamainaren eragina baztertzen baitu. Etxebizitza guztiak eta metro karratuko prezioa kontuan hartuz gero, kontratu berrien prezioen jaitsiera %0,9koa baino ez da izan. "Jaurlaritzak egindako datuen hautaketa zalantzagarria da erabat, eta emaitza puzteko helburua besterik ez duela dirudi", salatu dute.
Denboraldiko alokairuak, gero eta garestiago
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi du, bestalde, ohiko alokairuen bilakaerari soilik erreparatzeak merkatuan gertatzen ari diren beste fenomeno esanguratsu batzuk ezkutatzen dituela, esaterako denboraldiko alokairuen hazkundea. Modalitate horretako kontratuak inoizko kopururik handienera iritsi dira: gaur egun denboraldiko 3.294 kontratu daude indarrean, iaz baino %6,1 gehiago eta 2019an baino %113,3 gehiago.
Gainera, denboraldiko kontratuen batez besteko prezioa ohiko alokairuena baino %15 garestiagoa da gaur egun. Kontratu berriak soilik kontuan hartuz gero, aldea %25,7ra iristen da. Sindikatuaren ustez, datu horiek agerian uzten dute alokairu-merkatua bere osotasunean aztertu behar dela, eboluzio partzial bat etxebizitza-sarbiderako hobekuntza orokor gisa aurkeztu ordez.
Prezioak jaitsi ala garestitzeak moteldu?
Metodologiari dagozkien kontuez harago, sindikatuak salatu du alderdi politiko instituzionalek irakurketa triunfalista egin dutela, nahiz eta hiruhileko arteko balizko jaitsiera oso txikia izan. Alokairu Merkatuaren Estatistikako datuen arabera, kontratu berrien errentak %31,3 garestitu dira 2016tik hona. "Horren aurrean, hiruhileko batetik bestera %2ko jaitsiera ez da ospatzeko ezer, aurretik emandako igoerak ontzat ematea baizik", adierazi dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek.
Halaber, kolektiboak ohartarazi du denbora-tarte laburretan oinarritutako irakurketak arriskutsuak direla. Horren adibide gisa, 2024ko laugarren hiruhilekoaren eta 2025eko lehenengo hiruhilekoaren arteko eboluzioa aipatu dute: alokairuen prezioak %6,3 jaitsi ziren garai hartan, nahiz eta Errenteria (Gipuzkoa) izan tentsio handiko eremu izendatutako udalerri bakarra, 2025eko urtarrilaren 31n. "Horren denbora-tarte txikietako eboluziotik ondorioak ateratzea zeharo arriskutsua da", nabarmendu dute.
Ildo horretan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren iritziz, tentsio handiko eremuen izendapenak ez du alokairuen prezioen egiazko jaitsierarik eragiten, eta Etxebizitza Legea sustatu zuten alderdiek behin baino gehiagotan aitortu dute hori ez dela neurriaren helburua. "Prezioak ez dira jaisten neurriaren beraren helburu aitortua bestelakoa delako: prezioen igoerak moteltzea; ez prezioak jaistea", azaldu du.
Azkenik, sindikatuak alderdi politikoen "propaganda faltsua" salatu du, eta ohartarazi du "jaitsiera txiki horiek ez dutela langile-klasearen bizi-baldintzen hobekuntza esanguratsurik ekarriko". Egoera horren aurrean, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko eraldaketa sakonagoak aldarrikatu ditu kolektiboak. Azaroaren 11ko greba orokorrari begira Euskal Herriko etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak mahai gainean jarritako aldarrikapenak norabide horretan kokatu dituzte, hain zuzen ere: "Espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxebizitzak behar sozialen arabera planifikatzea".