ACTUALIDAD / Ceuta

Ceutara iristean, faxisten lintxamendua jasan du Negu Gorriakek

Negu Gorriakeko hainbat kide atzo atera ziren Iruñetik, Ceutara laguntza humanitarioa eramateko eta jazarriak izaten ari diren milaka etorkinak babesteko asmoz. Portura heldu bezain pronto, haiei erasotzen saiatu da faxista andana, eta kolektibo iruindarraren aurkako kriminalizazio-kanpainari ekin diote hedabideetan.
2026eko irailaren 21 - 08:36
Ceutara iristean, faxisten lintxamendua jasan du Negu Gorriakek
— ARGAZKIA @MOHA_MUSTAFA78

"Negu Gorriakeko militanteak eta oinarrizko laguntza humanitarioa dituen furgoneta bat Iruñetik aterako dira igande honetan, Ceutara bidean. Kolektiboak datozen asteetan antolatuko dituen bi brigadetatik lehena da. Helburu nagusia da gorputza ezkutu gisa jartzea errefuxiatuak Ceuta bezalako eremu militarizatu batean jasaten ari diren aurrekaririk gabeko indarkeriaren aurrean". Negu Gorriak erakundeak joan den ostiralean jakinarazi zuen Ceutara joango zirela hainbat kide, bertan jazarriak izaten ari diren milaka etorkin marokoarrei laguntza eta babesa emateko. Bertara iritsi bezain pronto, ordea, Iruñetik abiatutako lehenengo brigada sekulako bortizkeriaz hartu du faxista andanak.

Atzo, Negu Gorriakeko kideak bertaratuko zirela-eta protesta egiteko, 18:45erako zegoen deituta kontzentrazio bat Ceutan. Hainbat komunikabideren arabera, 50 bat pertsona hurbildu ziren portura, etorkinei laguntzeko asmoz joandako iruindarrei aurre egiteko helburuarekin, eta euren kontrako lintxamendu bati ekin zioten. Espainiako Polizia bertan zen, eta hainbat tiro egin zituen airera.

Testuinguru horretan, manifestari faxistek bidea itxi zioten auto bati, pasatzea galaraziz: arrautzak bota zizkioten eta ibilgailua astindu zuten bortizki, eta Espainiako Poliziak interbenitu zuen. Kotxearen barruan Ceuta Ya! talde politikoko Julia Ferreras diputatua zihoan, hark sare sozialetan berretsi duenez, baina Negu Gorriakeko kide bat zela pentsatuz egin zioten eraso.

Manifestariek "ETAren aldekoak", "erradikalak" eta beste izatea leporatzen diete Negu Gorriakeko kideei, eta hori argudiatuta eraso zieten. Espainiako Estatuko komunikabide intoxikatzaile ugarik hauspotu dute mezu hori, eta ikaragarria izaten ari da Iruñeko kolektiboaren aurka egiten ari diren kanpaina mediatikoa, lerroburu kriminalizatzaile ugarirekin.