Igandean Negu Gorriakeko hainbat kidek Ceutan jasandako eraso faxistaren ostean, agerraldi bat egin zuen kolektiboak atzo arratsaldean, Iruñean. Ceutan gertatutakoa eta azken asteetan pairatutakoa xehatu zuten, izan ere, gorroto-klima ikaragarria sortu dute faxistek elkarte horren kontra. Heriotza-mehatxuak egin dizkiete azkenaldian, eta kolektiboko kideei buruzko informazio pertsonala zabaldu dute faxistek sare sozialen bidez, kotxeen matrikulak barne. Horren ondoren etorri da lintxamendu zuzena Ceutan: "Informazio hori filtratu egin zen, eta [Negu Gorriakeko kideak] Ceutako portura iritsi zirenean, faxista talde bat zuten zain. Talde horrek Ceuta Ya!-ko diputatu baten autoa txikitu zuen, Julia Ferrerasena".
ElDiario.es atariak atzo jakinarazi zuenez, Herriaren Mugimendu Zibikoa (MCP gaztelerazko sigletan) deituriko taldeak Instagram kontu baten bidez jarri zuen jopuntuan Negu Gorriak. Izan ere, "ETAren aldekotzat", "arriskutsutzat" eta beste jo zuen antolakundea, eta bolo-bolo zabaldu zen seinalamendu hori. Negu Gorriakek atzoko prentsaurrekoan salatu zuenez, horrekin batera, Espainiako Estatuko hainbat eta hainbat hedabidek hilabeteak daramatzate kolektiboa seinalatzen, ETArekin lotuz eta "jihadista" gisa definituz, besteak beste. Jazarpen-testuinguru horren barruan eraso zieten dozenaka faxistak Negu Gorriaken lehenengo brigadako kideei, Ceutara iritsi zirenean.
MCP izan zen irailaren 2an Iruñean "Ceutaren alde" egindako kontzentrazioa antolatu zuen taldea. Etorkinei nazionalitatea kentzea proposatzen du, besteak beste.

Negu Gorriaken eginkizuna
Gezurrez harago, egiten duen lana argitu zuen elkarteak atzoko agerraldian: gogorarazi zuen "bizitoki-larrialdia" dela bere "kezka nagusia", eta Iruñean "ehunka gazte magrebtar daudela kalean lo egiten". "Urteak daramatzagu elkartasun zehatz eta materialarekin erantzuten. Mugikorrak kargatzeko gune bat dugu Katakraken. Aholkularitza juridikoa eta laguntza administratiboa eskaintzen ditugu. Eta hau izango da neguko kanpaina eta aterpetxea antolatzen ditugun hirugarren negua", gaineratu zuten. Hain zuzen ere, duela gutxi aurkeztu dute Fraktal proiektua Nafarroako hiriburuan.
Ceutako egoera larria ikusita, bertan ere elkartasunez jarduteko asmoa erakutsi zuen kolektiboak, eta aurreko ostiralean jakinarazi zuen zenbait brigada antolatu zituela Ceutara laguntza humanitarioa eramateko eta bertan dauden milaka etorkinak erasoen aurrean babesteko. Eta lortu dute material ugari eramatea, erasoak eraso.
"Iruñean egiten duguna eta Ceutan egiten duguna gauza bera da: elkartasun zehatza eta materiala, politika berberak pairatzen ditugunon artean. Aterpetxearekin, mugikorrak kargatzeko gunearekin, abokatuekin, brigadekin eta laguntzen diguten bizilagunekin", azaldu zuten atzokoan.