ACTUALIDAD / Palestina
CAFeko Akziodunen Batzar Nagusian, Beasainen mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak
Ekainaren 13an izango da enpresako akziodunen urteroko bilera, eta egun horretarako antolatu du protesta bat plataformak. Kolektibo talde batek apirilean jakinarazi zuen CAFeko zuzendaritza salatu duela eraikitzen ari den Jerusalemgo tranbiagatik.
2026eko maiatzaren 22 - 07:12
CAFeko Akziodunen Batzar Nagusian, Beasainen mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak
— ARGAZKIA Protesta Akziodunen Batzar Nagusian 2024an.

Goierriko CAF enpresako jabeek urtero egiten dute Akziodunen Batzar Nagusi bat, konpainiaren kontuei eta kudeaketari lotutako erabaki nagusiak hartzeko. 2025eko auziei buruzko Batzar Nagusia datorren ekainaren 13an izango da, Beasainen (Gipuzkoa), eta egun horretan mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, CAF "genozidioaren konplize" dela salatzeko eta "apartheidaren trenetik jaitsi" dadila exijitzeko: 12:00etan jarri dute hitzordua Beasaingo Plazan.

"Ekainaren 13an CAFeko akziodunek apartheidaren odolez zikindutako etekinak banatuko dituzte Beasainen", salatu du Palestinarekin Elkartasunak. Hamaika aldiz seinalatu du Goierriko konpainiak negozioak dituela Israelekin eta palestinarren aurkako sarraskian parte hartzen ari dela, israeldarren kolonia ilegalak elkarren artean lotuko dituen trena eraikitzen ari baita, batik bat. CAFek 2019an lortu zuen kontratua estatu sionistarekin, Jerusalemgo Tren Arina egiteko; 500 milioi inguru irabaziko ditu horri esker. Lanak 2027an amaitzea aurreikusten dute, baina gerora, trenaren mantenu-lanez ere CAF bera arduratuko da.

Hainbat kolektibo zibilek osatutako koalizio batek joan den apirilean jakinarazi zuen CAFen aurkako salaketa bat aurkeztu duela Fiskaltzaren aurrean, Jerusalemgo Tren Arinaren bidez, legez kanpoko asentamendu israeldarren hedapena eta lurralde palestinarraren anexioa errazten dituela argudiatuta.