Ir al contenido
ACTUALIDAD / Palestina

Ehunka lagun mobilizatu dira Gasteizen Hapoel eta Maccabi saskibaloi-taldeen aurka

Baskoniak atzo jokatu zuen Hapoel Tel Aviven aurka, klubaren eta tokiko erakundeen oniritziarekin, eta abenduaren 4an bertaratuko da Maccabi. "Hainbat eragilek ahalbidetzen dute urtez urte sionisten etorrera, eta aurten ere, haietako batek ere ez du ezer egin partidak gelditzeko", salatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak.
2026eko azaroaren 18 - 08:38
Ehunka lagun mobilizatu dira Gasteizen Hapoel eta Maccabi saskibaloi-taldeen aurka
— ARGAZKIA Hala Bedi

ACTUALIDAD

Atzo arratsaldean, 19:00etan Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta, ehunka lagun mobilizatu ziren Gasteizko kaleetan, Hapoel Tel Aviv eta Maccabi saskibaloi-taldeen etorrera salatzeko. Izan ere, bi talde israeldarren aurka jokatzen jarraitzen du Baskoniak: atzo iluntzean aritu zen Hapoelen kontra Araba Arenan, eta abenduaren 4rako dago ezarrita Maccabiren aurkako partida. Horiek horrela, beste urte batez, Israelen aurpegi zuriketari ezetz esan dio jende andanak, eta talde israeldarrekin jarritako hitzorduak bertan behera gera daitezela eta Israelekin harreman oro eten dadila exijitu dute.

Atzoko manifestazioan, Palestinarekin Elkartasuna plataformatik salatu zuten Israelek "historikoki erabili dituela kirol-ekitaldiak bere irudia garbitzeko eta bere krimenak normalizatzeko". "Ekitaldi horien bidez, estatu moderno gisa agertu nahi du, eta bere egiazko iruditik bereizi, errealitatean, entitate kolonial eta supremazista baita", gaineratu zuen. Horiek horrela, gogorarazi zuen bai Hapoelek bai Maccabik harremanak dituztela armada sionistarekin, eta Israelen "kirol-enbaxadore" modura aritzen direla nazioartean.

Kirol-erakundeen eta tokiko gobernu-erakundeen erantzukizuna

Palestinarekin Elkartasunaren esanetan, "hainbat eragilek ahalbidetzen dute urtez urte sionisten etorrera, eta aurten ere, haietako batek ere ez du ezer egin partidak gelditzeko". Eta zehaztu zuen: "Euroliga saskibaloi-txapelketa pribatua da, eta bere bazkideek nork jokatu eta nork ez erabakitzeko ahalmena dute. Eusko Jaurlaritzak, kirol-ekimenak bertan behera uzteko eskumena du. Arabako Foru Aldundia, pabiloiaren jabea da. Gasteizko Udalak hiriko azpiegiturak kudeatzen ditu, ezinbestekoak horrelako partidak egiteko. Eta, nola ez, Baskonia taldearen zuzendaritza, jokatzeari uko egin diezaiokeelako".

Baskoniako zuzendaritza: ikusleekin izango dira aurtengo partidak, eta Palestinari lotutako ikurrak debekatu dituzte

Plataformak gogora ekarri zuen iaz zenbait bilera egin zituztela Baskoniako zuzendaritzarekin. Hala ere, ez du inolako neurririk hartu klubak talde israeldarrekin loturak eteteko, eta aurrerapausoak eman ditu gainera denboraldi honetarako: "Aurreko udaberrian, Israelen aurka egindako mobilizazio eta borrokari esker, Gasteizen lehen aldiz ate itxiekin jokatu ziren Maccabi eta Hapoelen aurkako partidak. Hala ere, argi utzi genuen orduan hartutako neurria ez zela nahikoa. Oraingoan, ordea, haiek parte hartzea normalizatzeko bidean urrats bat aurrera egin dute. Ez dute enbaxadore israeldarren etorrera atzera bota, baina areago, pabiloia eta ingurua poliziaz beteko dute gure hiriko azpiegiturak sionistei oparitzeko".

Hori gutxi balitz, ikusleek ezingo dute Palestinarekin zerikusia duen ezer atera harmailetan: "Pabiloira Palestinarekin lotutako edozein ikur sartzea debekatu dute, ez Free Palestine, ez bandera ez antzeko ezer".

Palestinarekin Elkartasunak berriz exijitu du talde israeldarren aurkako partida oro geldi dadila: "Ezin ditugu bereizita ulertu partida horiek jokatzearen aurkako borroka eta Israelekin harreman oro eteteko borroka". Hortaz, ezinbestekotzat jo du "antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea" eta ez onartzea "Israel normalizatuko duen ekimenik". "Palestinar herriarekiko elkartasunak bere erresistentzia eta Israelekin mota guztietako harremanak hausteko borroka babestea eskatzen du", defendatu du.