Ir al contenido
ACTUALIDAD / Palestina

"Baskoniako zuzendaritzak ez du inolako borondaterik entitate sionistarekin dituen harremanak geldiarazteko"

Baskoniak gaur jokatuko du Hapoel Tel Aviv talde israeldarraren aurka, eta partida ikusi ahal izango dute abonatuek. "Ez dute enbaxadore israeldarren etorrera atzera bota, baina areago, pabiloia eta ingurua Poliziaz beteko dute gure hiriko azpiegiturak sionistei oparitzeko", salatu dute Indar Baskoniak eta Palestinarekin Elkartasunak. Manifestazio bat egingo dute gaur 19:00etan, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta.
2026eko azaroaren 17 - 07:00
"Baskoniako zuzendaritzak ez du inolako borondaterik entitate sionistarekin dituen harremanak geldiarazteko"
Maccabiren eta Hapoelen aurkako mobilizazioa iaz, Gasteizen bertan.

ACTUALIDAD

Hapoel Tel Aviv saskibaloi taldeak gaur jokatuko du Gasteizen, Baskoniaren kontra: izan ere, beste denboraldi batez, talde israeldarrekin jarritako hitzorduak mantentzearen alde egin du Arabako klubeko zuzendaritzak. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Indar Baskonia zale-taldeak salatu dutenez, gainera, israeldarren presentzia "normalizatzeko bidean urrats bat aurrera egin dute" Baskoniako zuzendaritzatik.

Iaz, Palestinaren aldeko mobilizazioei eta presio sozialari esker, Israelgo taldeen aurkako partidak ate itxiekin jokatu ziren Gasteizen; ikuslerik gabe. Oraingoan, baina, partida Araba Arenan bertan ikusteko aukera izango dute abonatuek. "Ez dute enbaxadore israeldarren etorrera atzera bota, baina areago, pabiloia eta ingurua Poliziaz beteko dute gure hiriko azpiegiturak sionistei oparitzeko", seinalatu dute Indar Baskoniak eta Palestinarekin Elkartasunak: "Beste behin ere, argi gelditu da Baskoniako zuzendaritzak ez duela inolako borondaterik palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzen duen entitate sionistarekin dituen harremanak geldiarazteko".

Gogorarazi dutenez, Israelek bere burua "nazioartean legitimatzeko" eta "berezko duen izaera kolonial eta supremazista ezkutatzeko" baliatzen du kirol-arloa. "Ezin ditugu bereizita ulertu saskibaloi-talde hauen etorreraren aurkako borroka eta Israelekin harreman oro eteteko borroka", gaineratu dute, beraz. Dena den, ez dute Baskoniako zuzendaritza soilik seinalatu sionistekin harremanak mantentzeagatik: "Behin eta berriz errepikatu dugun moduan, Euroligak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak ere partidak gelditzeko ardura dute. Inork ez du ezer egin". 

Palestinarekin Elkartasunak eta Indar Baskoniak defendatu dute "erantzun onargarri bakarra talde israeldarren partidarik ez jokatzea dela", eta berriz exijitu dute Baskoniak denboraldi honetarako talde israeldarrekin hitzartuta dituen partidak bertan behera geldi daitezela. Abonatuei boikot egitera deitzearekin batera, mobilizazio-deialdi bat zabaldu dute gaur arratsalderako: 19:00etan Andre Mari Zuriaren plazatik hasita, manifestazio bat egingo dute, Hapoel Tel Aviven eta Maccabiren presentziaren aurka eta Palestinaren askatasunaren alde.