ACTUALIDAD / Palestina
CAF palestinarren aurkako sarraskiari esker aberasten ari dela salatu du Palestinarekin Elkartasunak
CAFen Akziodunen Batzar Nagusia izaten ari den egun berean, enpresa horrek palestinarren genozidioan duen erantzukizuna salatzeko manifestazio bat egin du Palestinarekin Elkartasunak. "Beharrezkoa da genozidioaren euskal konplizeak seinalatzen jarraitzea", azaldu du plataformak; eta Irizar, Sidenor, Kutxabank, Baskonia nahiz Ertzaintzaren erantzukizuna ere azpimarratu du. Goizean, CAFen egoitzarako sarbideak itxi dituzte hainbat ekintzailek.
2026eko ekainaren 13 - 11:52
CAF palestinarren aurkako sarraskiari esker aberasten ari dela salatu du Palestinarekin Elkartasunak

Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazio-deialdi bat zuen egina gaurko, CAF enpresaren Akziodunen Batzar Nagusiarekin bat eginez. Bilera hasi baino zenbait ordu lehenago, CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) egoitzarako sarbideak itxi dituzte hainbat eta hainbat lagunek, Goierriko enpresak Israelekin dituen negozioak salatzeko. Eguerdiko 12:00etan hasi da Palestinarekin Elkartasunak antolatutako manifestazioa, Beasaingo plazatik, eta milaka lagunek gaitzetsi dute "genozidioaren eta apartheidaren odolez zikindutako aberastasuna". Akziodunen Batzar Nagusia hasi baino lehenago, gainera, konpainiaren egoitzarako sarbideak blokeatu dituzte hainbat eta hainbat ekintzailek, protesta modura.

CAFek palestinarren kontrako sarraskian duen erantzukizuna nabarmendu du gaurkoan plataformak. "Gaur eta hemen elkartu dira bertako akziodunak, urtez urte gora doazen etekin kriminalak banatzeko, eta enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emateko. Aurten, 52 milioi euro banatuko dituzte akziodunen artean, inoizko kopururik handiena", seinalatu du.

Irabazi horiek "kriminalak" direla ohartarazi du, "CAFek estatu genozida eta, ondorioz, proiektu kolonial eta genozida indartzen dituelako". Eta xehatu du: "Israelgo Saphir enpresarekin batera, Tel Aviveko eta Jerusalemgo tranbiak eraikitzeko kontratu milioidunak ditu, eta horien bidez Israelgo enpresak eta kolonizazioaren ekonomia indartzen ditu, Israel azpiegitura iraunkorrez hornitzen du, eta bereziki, palestinar lurren okupazioari betiereko bermea ematen dio, kolonia sionistak elkarren artean eta Jerusalemgo hirigunearekin lotuz eta palestinarrak isolatuz".

CAFen erantzukizuna, nazioarteko erakundeetan eta epaitegietan ere seinalatua

Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi duenez, Nazio Batuen Erakundeak berak, "okupazioari lagundu eta etekina ateratzen dioten enpresen datu-basean" sartu du CAF. Gainera, auzitara ere eraman dituzte enpresak dituen negozioak, CAFeko zuzendaritza eta bere zuzendari nagusia, Andres Arizkorreta, Fiskaltzaren aurrean salatu baitituzte hainbat kolektibo zibilek.

Plataformak gaurkoan azpimarratu du, hain zuzen ere, "Israelen egonkortasunari lotuta" daudela CAFen negozioak, eta "Israelen egonkortasuna proiektu koloniala amaieraraino eramateari lotuta" dagoela. "CAFen negozioaren zati bat mantendu ahal izateko, palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dute. Argi eta garbi esan dezagun: Israel CAFen ere hasten da. Apartheida CAFen ere hasten da. Genozidioa CAFen ere hasten da".

Jaurlaritzaren konplizitate erabatekoa

"Baina CAF ez dago bakarrik", azaldu dute plataformatik, erakunde publikoen konplizitateari erreferentzia eginez: "Eusko Jaurlaritzak argi utzi du erabateko babesa ematen diola enpresari. [...] Gutxienez %3ko parte-hartzea dauka enpresaren aberastasunean". Horiek horrela, salatu dute Jaurlaritza ere badela "CAFen kontratu kriminalen erantzule"; eta nahiz eta "euskal gizartearen zati handi bat proiektu horien aurka" egon, "Jaurlaritzak diru publikoa genoziden konplizeak indartzera bideratzen" duela oraindik

Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozaren (EAJ) azken adierazpenei ere erantzun diete gaur: "Etsaiak ez ditugu etxean bilatzen. Arazoa da euskal politikarientzat, genozidioaren konplize diren enpresari eta instituzioak lagunak direla, eta aldiz, kalkulu elektoraletatik at, bost axola zaizkiela euren negozioek eta proiektu kolonialak zapaltzen dituen palestinarrak". Horren guztiaren aurka, Palestinarekin Elkartasunak ezinbestekotzat jo du "genozidioaren euskal konplizeak seinalatzen jarraitzea". Izan ere, CAFez harago, oroitarazi du badirela Israelekin loturak eta negozioak dituzten eragile gehiago: "Irizar, Sidenor, Kutxabank, Baskoniako zuzendaritza, Ertzaintza…". 

"Beharrezkoa da harreman ekonomiko kriminalak eta odolez zikindutako etekinak agerian uzten jarraitzea. Beharrezkoa da Israelekin harreman oro eteteko presioa egiten jarraitzea", aldarrikatu du plataformak: "Kolonizazioa eta genozidioa ez dira eten, eta munstro sionista ez da bere kabuz hilko. Palestinako eta inguruko herrietako erresistentziek borrokan jarraitzen dute. Jarrai dezagun guk ere borrokan Israel desegin arte eta Palestinaren eta inguruko herrien askatasuna lortu arte".