ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB
2019/12/18 12:59

Vicinay taldeak 2015. urtean erosi zizkien akzioak Cables y Alambres enpresako langileei, lantokia hartu zuenean. Erosketa Vicinay talde barruko beste enpresa baten bidez egin zuten; Cemvisaren bitartez, hain zuzen. Beharginei ordainketa egiteko bost urteko epea ezarri zuten arren, aurtengo abenduaren 15ean amaitu da epea. Gaur-gaurkoz, ez zaie ordainketarik egin, baina.

Hala, garai hartan Erandion (Bizkaia) langileak zirenek, egungo hainbat langilek eta jada jubilatuta daudenek, erabaki dute Vicinayen Bilboko (Bizkaia) bulegoetako batera sartzea, egin dieten "akzio lapurreta" salatzeko.

Gaur egun, Vicinay taldeko Cemvisa enpresa da Cables y Alambreseko akzio horien jabe. Vicinayk, baina, hartzekodunen lehiaketara eraman nahi du Cemvisa. Hala, 123 langileri zor dizkien 500.000 euro baino gehiago utzi ditu ordaindu gabe.

Gainera, langileek ez dute azken bost hilabeteetako soldata jaso; abuztutik honako soldata, alegia. Vicinay taldeak hartzekodunen lehiaketa galdegin zuen Cables y Alambres enpresan irailean. Orduan, Erandioko fabrika utzi zuten bertako zuzendaritzako kideek, eta Vicinay taldearen barruan, beste zuzendaritza postu batzuk eskuratu zituzten. Ordutik, langileak ari dira enpresaren kudeaketa egiten, Administrazio Konkurtsalarekin batera.