DesokypaCyL enpresa berriz izan zen Euskal Herrian atzokoan. Bilbora (Bizkaia) bertaratu ziren taldeko hainbat matoi, pertsona bati mehatxu egiteko: bere etxera sartu ziren eta hilabeteko epea eman zioten bertatik alde egin dezan. AZET sindikatuak eta Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi dutenez, oso posible da desokupak berriz itzultzea; eta, gainera, Bilboko beste etxe batera joango direla ere esan zuten talde parapolizialeko kideek.
Azken urtean, DesokupaCyLek hainbatetan interbenitu du Euskal Herrian. Ezkerraldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak abenduan salatu zuen enpresa familia bat etxegabetu nahian ari zela Burtzeñan (Barakaldo, Bizkaia), eta beste kasu baten berri eman zuen irailean, Lutxanan (Barakaldo, Bizkaia). Ekainean, bideo bat plazaratu zuen enpresako buruak (Luis Núñez Mané), Donostiako (Gipuzkoa) Kontxan, "okupatutako" etxeak erostera bultzatuz. Iazko azaroan ere argitaratu zuen beste bideo bat Manék, bere taldeak aurki Euskal Herrian esku hartuko zuela jakinaraziz.
Horrez gain, Bilbon, beste desokupazio-talde baten presentziaren berri izan zuten azaroan: San Frantziskon etxegabetze bat gauzatzen saiatu zen Horus enpresa, baina alde egin behar izan zuen bere aurkako mobilizazioaren ostean, Ertzaintzak babestuta.