AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/18 07:40

Desokupacyl desokupazio-taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Núñez Mané burua eta beste hiru matoi Donostian (Gipuzkoa) zeudela esanez. Bideoa, hain zuzen ere, Kontxan grabatuta dago, eta "okupatutako" etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék: azaltzen du hiriburuan etxe bat erosi duela berak, eta ulertzera ematen du, bertan bizi zen jendea kanporatu eta etxegabetu ondoren, pisuarekin negozioa egin eta are garestiago saldu duela hura.

"Jaunak, Donostian gaude. Esan nizuen bezala, hemen erosi nuen pisuaren salmentaren azken tramitea egitera etorri gara. Egia esan dirutxo on bat irabazi dut, 99.000 euroko txeketxo bat hartu berri dut", dio Nú´ñezek: "Jaunak, Espainia osoa animatzen dut okupatutako edo enbargatutako etxeak erostera. Mutilak, hasi da festa Donostian". Bideoa amaitzeko, enpresa faxistako matoi guztiak ageri dira agur faxistari keinu egiten dion agur bat egiten, liderrak hala gaineratzen duen bitartean: "Okupa jaunak, kanpora".

Desokupacyleko burua, urtarrilean atxilotua

Esan bezala, bideoan hizketan ari den Núñez da talde parapolizialeko burua, eta bera ageri da zuzendari modura Desokupacylen legezko agirietan. Enpresa horrek "segurtasun-zerbitzuak" eskaintzen ditu teorian, baina, errealitatean, bere jardunik ohikoena da etxegabetzeak gauzatzea eta zorrak kobratzea.

Aurtengo urtarrilean atxilotu zuten Núñez, Valladoliden, Galiziako Monforte de Lemos herrian izandako gertakari batzuei lotuta. Bikote bati diru kantitate bat kobratzeko kontratatu zuten bertan Desokupacyl, baina etxez nahastu ziren faxistak, eta beste pertsona bat jazarri zuten. Salaketa bat jarri zien berak, eta "beldurtzeko metodoak" erabili izana leporatu zioten taldeari.

"Okupatutako etxeekin" negozioa egiten

Gero eta ohikoagoa da "okupatutako" etxetzat hartutakoen salerosketa, eta hor sekulako merkatu-hobia daukate desokupazio-enpresek, etxe horiek husteko. Hego Euskal Herrian ere hartu du indarra negozio horrek: etxe-agentzietan, "legez kanpoko okupatzaileak" omen dituzten 150 etxe jarri dituzte salgai EAEn, eta 80 Nafarroan.

EZ DAGO IRUZKINIK