Atzo arratsaldean hasi zen Gazte Topagune Sozialista Durangon (Bizkaia); igandera bitartean, gazte andana elkartuko da han. Durangon aurreneko gaua egin ostean, gaur, goizean goiz hasi dira ekimenak. 09:00etan ekin diote mendi irteerari, akanpalekutik hasita; Neberondora joan da gazte andana, eta Angelura igo dira gero. 11:00etan egin dute mendi lasterketa, Tabirako ermita ingurutik; banaka nahiz binaka aritu dira hainbat eta hainbat gazte. Arratsaldeko kirol ikuskizunaren aurretik banatu dituzte lasterketako sariak, Iurretako frontoian.
Bazkaltzeko tartearen ostean, 17:00etan eman diote jarraipena egitarauari. Ordu horretan izan da Javier Eginoren kontzertua Sutegian, eta 18:00etan hasi da kirol ikuskizuna Iurretan. Iribarrenek eta Artolak osatutako bikotea Landaren eta Besaberen aurka aritu da lehenengo, eskupilotan. Aizpuruatarrak Iruretagoienarekin eta Azpirotzekin lehiatu dira gero, joko garbian. Horren ondotik, palan neurtu dituzte indarrak Lopezek eta Torresek.
18:30ean, bestalde, Zerbait apurtzen. Literaturaz eta politikaz solasaldia egin dute Sutegian. Belen Gopegui idazle madrildarrak hartu du parte, eta solasaldiaren izenak berak azaltzen duen modura, literaturaren eta politikaren arteko harremanaz eta literaturak izan dezakeen funtzio politiko iraultzaileaz jardun dute. Horretarako, Gopeguiren azkeneko eleberria hartuko dute abiapuntutzat: Existiríamos el mar.
Gaueko eskaintzari dagokionez, 22:00etan, Ekida Arte Ekimen Sozialistak sortutako Urrunetik gatoz kantaldia izango da Gune Nagusian, Landako Gunean. Ordu berdinean eskainiko du kontzertua Klak!sonek, Sutegian; ondoren, Fridaren emanaldia izango da leku berdinean.
Bihar, gehiago
Topaguneak hirugarren eguna izango du bihar, eta egun osorako egitaraua antolatu dute GKSk eta IAk. 10:00etan hasiko dira edizio honetarako prestatutako hitzaldiak; bihar, hain zuzen, bi saio izango dira: Borroka ideologikoa eta kulturala. Komunismoa hegemoniko bilakatzeko bideak eta Espazio sare sozialista. Teorian eta praktikan. San Antonio ikastetxean eta Institutuko aretoan eskainiko dituzte bi hitzaldiak.
17:00etan, ordea, iaz bezala, hainbat diziplina lantzeko tailerrak egingo dituzte. Zazpi tailerren artean aukeratu ahal izango dute gazteek: kick boxing, mekanika, zinema, antzerkia, segurtasun juridikoa, segurtasun informatikoa eta muralgintza.
18:30ean bertso-trama eskainiko dute Txaber Altube, Aroa Arrizubieta, Lurdes Ondaro eta Aitor Tatiegi bertsolariek, Sutegian. 19:30ean, berriz, musika jarriko dute Soinu Beltzak DJek.
Gauean ere izango da zer gozatu: boxeo eta K1 ikuskizuna antolatu dute Gune Nagusian, eta Pinpilinpussies taldearen kontzertua nahiz rap showcase saio bat izango dira Sutegian.
Ikusi Gazte Topagune Sozialistaren jarraipen berezia GEDAR LANGILE KAZETAren Twitter kontuan (@GedarLangileKZ)
Ikusi hemen Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua, osorik