AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/15 11:19

Heldu da: hasi da jada aurtengo Gazte Topagune Sozialista. Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek indarrak batu dituzte beste urte batez, elkargune sozialista bat sortzeko. "Antolakuntzarako deia zabaltzeko elkargune bat" izango da; "izan ere, krisi testuinguru honetan, asko gara antolakuntza independente baterako hautua egin dugunok". "Oinarrizko eskubideen ezabapenaren, bizitzaren garestitzearen, eta oro har, bizi-kalitatearen okertzearen aurrean, komunismoaren beharra mahaigaineratu nahi dugu. Horixe da, beraz, Topagunearen helburu zentrala: komunismoaren gaurkotasunaz nahiz gazteok modu independentean antolatzeak duen garrantziaz eztabaidatzeko eta solas egiteko espazio bat izatea", azaldu zuten maiatzean GKSko eta IAko kideek.

Aurten Durangok (Bizkaia) hartuko ditu Euskal Herri osotik bertaratutako gazteak, gaurtik hasita igandera bitartean. Arratsaldean hasi dira ehunka gazte Durangora hurbiltzen, motxilak eta abarrak hartuta, eta apurka-apurka, akanpalekuan datozen egunetarako lo-lekuak prestatzeko. Sutegia izeneko gunea irekita, 19:00etan eman diote hasiera egitarauari: Malen Perez de Arenazaren kontzertua izan da lehenengo, eta Vivak taldearena gero.

Gune Nagusian, Landako Gunean, elkartuko dira ehunka gazte 22:00etan, korto txapelketaz gozatzeko. "Gure garaiaren galderek bilatzen eta aurkitzen gaituzte eta ez ditugu erantzun gabe utziko" olerki zatitik abiatuta, 2-5 minutuko film laburrak egin dituzte azken egunetan Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat gazte taldek. Gune Nagusian emango dituzte txapelketara aurkeztutako ikus-entzunezko guztiak.

Bihar, goizetik

Goizetik izango dira ekimenak bihar, uztailaren 21ean. 09:00etan mendi irteera bat egingo dute akanpalekutik abiatuta, eta 11:00etan hasiko da mendi lasterketa, Tabirako ermitatik. Arratsaldean egingo dute lasterketako sari banaketa, Iurretako frontoian.

17:00etan, berriz, Javier Eginoren kantaldia izango da Sutegian. Ordubete beranduago ekingo diote kirol ikuskizunari Iurretako frontoian; eskupilotan, joko garbian eta palan arituko dira hainbat kirolari. 18:30ean, bestalde, "literaturaz eta politikaz" jarduteko solasaldi bat izango da Sutegian, Belen Gopegui idazle madrildarrarekin.

Gauean izango du jarraipena egitarauak: 22:00etan hasiko dira, aldi berean, Ekida Arte Ekimen Sozialistaren Urrunetik gatoz kantaldia Gune Nagusian eta Klak!son taldearen kontzertua Sutegian. Gero, Frigo taldea arituko da Sutegian.

Ikusi Gazte Topagune Sozialistaren jarraipen berezia GEDAR LANGILE KAZETAren Twitter kontuan (@GedarLangileKZ)

Ikusi hemen Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua, osorik

EZ DAGO IRUZKINIK