ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Annalena Baerbock. FOTOGRAFÍA / aa.com.tr
2023/01/24 10:21

Alemaniako Kanpo ministroak, Annalena Baerbockek, atzo eman zuen aditzera: Alemaniak ez dio trabarik jarriko Ukrainara Leopard 2 tankeak bidaltzeari. Ukrainak etengabe eskatu ditu arma horiek Errusiari aurre egiteko, baina, hein handi batean, Alemaniaren esku dago tankeen bidalketa. Izan ere, estatu horretan ekoizten dituzte Leopard 2 tankeak 70eko hamarkadatik, eta, lizentzia-akordioek diotenez, bere gobernuaren baimenik gabe, gainontzeko estatuek ezin dituzte arma horiek inora mugitu edo tokialdatu.

Azkenaldian, baina, handia izan da Leopard 2 tankeak Ukrainara bidali ahal izateko Mendebaldeko hainbat estatuk Alemaniari egindako presioa. Poloniak eta Finlandiak, adibidez, Alemaniaren baimenik gabe Ukrainari arma horiek helarazteko asmoa erakutsi dute. Badirudi, baina, Alemaniak amore eman duela jada, eta ez duela halako bidalketarik ekidingo. Are: azaldu du oraingoz ez diola inork eskaera formalik egin, baina, hala gertatuko balitz, ez lukeela oztoporik jarriko. Aurreko ostiralean, Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldearen bileran, ez zuten tanke bidalketarik adostu; orain, argiago dago auzi horretan ere zein norabidetan egingo dituzten maniobrak Mendebaldeko estatuek.

Poloniak aurki eskatuko du bere esku dauden Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeko baimen ofiziala, antza. Gainera, laguntza militarra handitzea eta Ukraina arma astunez hornitzea sustatu nahi du, dirudienez. Ukrainako autoritateek behin eta berriz errepikatu dute arma gehiago nahi eta behar dituztela, eta, zehazki, "ehunka tanke" eskatu dizkio Mendebaldeari, eta "ez soilik hamar edo hogei".

Orain arte Ukrainari emandako laguntza militarrik handiena onartu dute berriki Mendebaldeko herrialdeek, eta Amerikako Estatu Batuek (AEB) egingo dute ekarpenik handiena horretan ere. Errusiak ohartarazi du gatazkaren areagotze "arriskutsu" bat eragin dezaketela armatze-mugimendu horiek.

NO HAY COMENTARIOS