Apirilaren 2an, faxismoaren eta inperialismoaren aurka mobilizatzera deitu du Baionako IASek
IASen mobilizazio bat Baionan, joan den otsailaren 26an.

Baionako (Lapurdi) Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) mobilizazio-deialdi bat egin du apirilaren 2rako. Hain justu, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako manifestazio bat antolatu du ostegun honetarako: arratsaldeko 18:00etan hasiko da Baionako Merkatu Plazatik.

"Egoera globala larritu da azken hilabeteetan, beraz, garrantzitsua iruditzen zitzaigun gure posizioa argi gera dadin", azaldu dute Baionako IASeko kideek. Nabarmendu dute, batetik, "gerla hotsak geroz eta hurbilagoak" direla eta "Europa gerlarako prestatzen" ari dela. "Frantziako Gobernua gazteria gerlara kondenatzen ari da; horretarako ikastetxeetan interbentzio militarrak kontaezinak dira, baita kolaborazio-akordioak ere", seinalatu dute. Bestetik, faxismoaren gorakada seinalatu dute kezkaz, gogoraraziz ikastetxeak ez daudela salbu "biraketa erreakzionario horretatik". Horiek horrela, ezinbestekotzat jo dute ikasleak ere olatu horren aurka mobilizatzea.

Otsailaren 26an, faxismoaren eta autoritarismoaren kontrako mobilizazio-eguna izan zuen IASek, eta besteak beste Baionan egin zuen manifestazio bat. Borrokan jarraitzen dute ikasleek, dena den: "Ikastetxez ikastetxe faxismoaren eta gerlaren kontrako kontzientzia zabaltzen segitu behar dugu".