Pakistanek "bitartekaritza" eskaini du, Iranek zuzeneko negoziazioak ukatzen dituen bitartean
— ARGAZKIA Facebook

Kontraesan diplomatikoak markatu du AEBek eta Israelek Iranen aurka elkarrekin abiatutako gerraren bosgarren astearen hasiera. Igandean Ishaq Dar Pakistango lehen ministrorde eta Atzerri ministroak iragarri zuenez, bere herrialdeak "bi aldeen arteko elkarrizketa esanguratsuak" hartuko ditu datozen egunetan, "akordio integral eta iraunkor bat lortzeko", Txinaren eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren babesarekin. Hala ere, astelehen honetan bertan Irango Kantzilergoko bozeramaileak honakoa esan dio IRNA agentziari: "Orain arte ez dugu inolako negoziazio zuzenik izan AEBekin. Planteatu dena bitartekari batzuen bidez jaso ditugun mezuak izan dira, besteak beste Pakistanen, eta horietan adierazten da AEBek negoziatzeko duten borondatea eta eskaera". Ordu batzuk geroago, Jatam al Anbiya Zentraleko Kuartel Nagusiko bozeramaileak ohartarazpen zuzen bat egin zion Donald Trumpi: "Jakin behar du behin baino gehiagotan esan dugula ez garela gerraren abiarazle izan. Hala ere, edozein erasoren ondoren, indarrez eta borondate jainkotiarrarekin, guk erabakitzen dugu gerraren amaiera".

Diplomazia kolokan dagoen bitartean, AEBetako barne-frontea arrakalatzen ari da. Gasolinaren batez besteko prezioak 4 dolarrak gainditu ditu galoi bakoitzeko, lehen aldiz hiru urte baino gehiagotan. %36ko igoera izan du otsailaren 28an gerra hasi zenetik, Reuters agentziak bildu dituen GasBuddyren datuen arabera. Pentagonoak, gainera, 200.000 milioi dolar gehiago eskatu ditu erasoaldia finantzatzeko, eta Adam Schiff senatari demokratak ohartarazi du errepublikanoak osasun-gastu federala murrizten ari direla gerra ordaintzeko. "Nahi ez duzun gerra bat, zure arreta medikoari murrizketa gehiago ezarriz ordaindua", idatzi zuen Schiffek. Senatuko Kanpo Harremanetarako Batzordeko kide Chris Murphyren esanetan, AEBak "gerra hau modu larri eta lotsagarrian galtzen ari dira", eta "taktikek ez dute garrantzirik estrategiarik ezean". Senatariak dioenez, AEBek Irango aire- eta itsasontzi-baliabide asko suntsitu dituzten arren, ezin die drone eta txalupa suizida guztiei aurre egin, eta, beraz, erasoek bere horretan jarraitzen dute. 

Iranek errekorra hautsi du AEBen gaitasun militarren suntsiketan: Bigarren Mundu Gerratik izandako handiena, NYTren arabera

Lekuan bertan, borrokek ez dute etenik eta estatubatuarren bajak pilatzen hasi dira. Joan den martxoaren 27an, Saudi Arabiako Sultan Printzea hegazkin-basearen aurka egindako eraso batek Boeing E-3 AWACS bat suntsitu zuen, AEBetako radar-hegazkinik aurreratuena, BBC-k egiaztatu duenez. Aire-ontzi horiek radar birakariko bereizgarri bat dute, distantzia luzeko helburuak detektatzeko eta jarraitzeko, eta gakoa dira misilen aurkako alerta goiztiarreko sistemarako. Uste da AEBetako Armadak hamazazpi ale baino ez dituela mundu osoan. Foro militarretan argitaratutako irudiek aire-ontzia erdibituta erakusten dute, jaurtigai baten edo batzuen talkaren ondorioz. Eraso horretan hamabi militar estatubatuar zauritu ziren, horietako bi larriki, Reuters-en arabera, eta erregaia hornitzeko bi hegazkinek ere kalteak jasan zituzten, The Wall Street Journal egunkariak dioenez. Fars agentzia irandarrak, Guardia Iraultzailearen gertukoa denak, baieztatu zuen kolpea Iranek jaurtitako drone batek eragin zuela.

The New York Times egunkariak ziurtatu du Bigarren Mundu Gerraz geroztik herrialde bakar batek ere ez duela lortu AEBetako gaitasun militarrak Iranek bezainbeste suntsitzea. Haifako petrolio-findegia, garrantzitsuena Israelgo Estatuak okupatutako Palestinako iparraldean, berriz jotzea lortu du Iranek; bigarren aldia da gerra hasi zenetik, Israelgo hedabideek eta IRNA agentziak baieztatu dutenez. Hezbollahk aldarrikatu du kohete batekin egin zuela erasoa, eta Israelgo agintariek ziurtatu dute "atzemandako misil baten hondarrak baino ez zirela". Golkoan, Al Salmi petrolio-ontzi erraldoiaren aurkako eraso bat egin du Iranek, erabat kargaturik eta Dubain porturaturik zegoela. Kuwait Petroleum Corporationek jakinarazi duenez, sute bat eragin zuen horrek, eta oraindik kontrolatzea lortu ez zutenez, itsasora petrolio gordina isurtzeko arriskua zegoela zioen. Israelgo okupazio-indarrak Libano hegoaldeko Litani ibairantz doaz, eta bonbardaketek Isfahan eta Teheranen gainean jarraitzen dute. Biktimen balantzeak, bitartean, gora egiten jarraitzen du: gutxienez 1.937 pertsona erail dituzte Iranen, Osasun ministrordearen arabera, eta 1.100 baino gehiago Libanon, Osasun Ministerioak emandako datuek jasotzen dutenez.

Washingtonentzat eta Tel Aviventzat, geldialdi militarrean sartu da otsailaren 28an AEBek eta Israelek batera egindako bonbardaketekin hasitako gerra. Trump mezu publiko eskandalagarri eta kontraesankorrekin arreta desbideratzen saiatzen ari da, nahasmen diplomatikoa sortuz. Mendebaldeko potentziak zatiturik daude, baina gero eta mesfidatiago, eta eskualdeko biztanleak (eta orain baita AEBetakoak ere) ari dira ordaintzen gerra honen faktura humanitarioa eta ekonomikoa, Benjamin Netanyahuk Etxe Zurira telefonoz deitu ondoren erabaki zena. Hala ere, ez dirudi Washingtonen ez dakitenik nola irten sartu diren atakatik. Teheranek argi utzi du ez duela mehatxupean negoziatuko eta gerraren amaiera Erresistentziaren Ardatzak erabakiko duela gudu-zelaian, ez Trumpen ultimatumek.