ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elhadji Ndiayeren atxiloketa Iruñean. FOTOGRAFÍA / Viento Sur
2024/11/06 08:23

Espainiako Barne Ministerioak hainbat datu eman ditu polizia-indarren eskuetan bizia galdu duten pertsonei buruz; alegia, Poliziaren esku-hartzeetan edo Poliziak atxilo zituztenean hil direnei buruz. Datu horien arabera, 2015. eta 2022. urteen artean, gutxienez 162 lagun erail zituzten polizia-indarrek (2023an, gutxienez hamazazpi izan ziren). Dena den, zenbaketa horretan ez dituzte kontuan izan 2022ko ekainean Melillako hesian eraildako pertsona migranteak.

162 heriotza horiek Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak eta Mossos d'Esquadrak eragindakoak dira. Beraz, tokian tokiko udaltzainek egindako erailketak ez dituzte aintzat hartu, Barne Ministerioak ez baititu horiei buruzko datuak biltzen, antza.

Pertsona migratuen eta buruko osasun-gaitzak dituztenen kontrako erasoak

Orokorrean, Barne Ministerioak ez du zehaztu zein jatorritakoak ziren polizia-indarrek hildako pertsonak. Aipatutako 162 erailketen barruan, 25 kasutan baino ez du argitu informazio hori, baina laguntzen du joera bat ikusten: 25 kasu horietan 11 ziren jatorri atzerritarreko pertsonak, ia erdia.

Bestalde, badirudi osasun-gaitz mentalen bat jasaten duten pertsonekiko bortizkeria ere nabarmentzen dela muturreko polizia-bortizkeria kasu hauetan. Izan ere, 2025 eta 2022 artean izandako hilketetan, gutxienez 20 lagunek pairatzen zuten osasun-arazoren bat, eta asko zeuden nolabaiteko agerraldi baten menpe.

487 erailketa bi urtean, Europako hamahiru herrialdetan

Europar Batasunean, hamahiru baino ez dira indarkeria polizialaren inguruko azken datuak eman dituztenak. Horiek erakusten dutenez, denera, gutxienez 487 pertsona erail zituen Poliziak 2020 eta 2022 artean. Frantziako Estatua da buru zerrenda horretan, 107 hilketa erregistratu baitzituzten bertan. Irlandak, Espainiako Estatuak eta Alemaniak jarraitzen diote atzetik, 71, 66 eta 60 erailketarekin, hurrenez hurren.

Suzko armekin egindako tiroketak omen dira nagusi heriotzen kausa modura, nahiz eta aipatutako 487 hilketetako 262 kasutan baino ez duten zehaztu agintaritzek zein izan den kausa. 262 kasu horien barruan, 98 heriotza izan ziren polizia-agenteek egindako tiroen ondorioz. Hala ere, badirudi Espainiako Estatuan ez dela hori joera.

Heriotza "naturalak"?

Espainiako Estatuan, 2020 eta 2022 artean, zortzi erailketa izan ziren tiroz, eta 11 denera 2015etik. Gainera, taser pistolen erabilera polizia-indarretan hedatzen ari den honetan, arreta ematen du ondokoak: taser pistola bat behintzat erabili zuen Poliziak erregistratutako heriotzetako batean. Badalonan gertatu zen, 2021ean, eskizofrenia pairatzen zuen pertsona batek galdu baitzuen bizia, poliziek sei deskarga elektriko eman ostean.

Espainiako Estatuko agintaritzek emandako informazioetan, heriotza "naturalak" dira gehien aipatzen diren kausa. 65 dira 2015etik, eta horietatik 36 gertatu ziren ziegetan, argitu gabeko baldintzetan. 65 heriotzetatik gutxienez hamasei kasutan, poliziak haiek eutsi eta azpiratu nahian ari zirenean galdu zuten bizia hildako pertsonek.

NO HAY COMENTARIOS