ACTUALIDAD / Represión
"Gero eta oztopo gehiago ditugu etxegabetzeen kontrako defentsa antolatzeko"
Ekainaren 17an deklaratu beharko dute hiru lagunek, iazko urrian, etxegabetze bati aurre egiteagatik Burlatan; protesta egiten ari zirenei piper-gasa eta borrak erabiliz eraso zien Poliziak, eta hamazazpi lagun isundu dituzte. Deklarazioen egunean, 09:15ean, Iruñeko epaitegien aurrean elkarretaratzera deitu dute Berriozarko PAHk, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk.
2026eko ekainaren 11 - 08:38
"Gero eta oztopo gehiago ditugu etxegabetzeen kontrako defentsa antolatzeko"

Hurrengo asteazkenean, ekainaren 17an, hiru lagunek deklaratu beharko dute Iruñean (Nafarroa) epaile baten aurrean, iazko urrian etxe-kaleratze bati aurre egiteagatik. Hiru kide horiei babesa emateko, 09:15ean epaitegien aurrean elkarretaratzera deitu dute Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH). 

Iazko urriaren 9an Burlatan izandako gertakarien harira daude ikerketapean datorren astean deklaratuko duten pertsonak. Aipatutako hiru kolektiboek irailean salatu zuten kale gorrian geratzeko arriskuan zegoela familia bat, hiru seme-alaba tarteko (azpierrentamendu bati lotutako iruzur baten biktima dira), eta instituzioei exijitu zieten arren etxebizitza-aterabide bat berma ziezaietela, mahai gainean alternatiba bat bera ere ez zegoela iritsi zen desalojorako ezarritako data. Horiek horrela, etxegabetzearen aurka protesta egitera deitu zuten PAHk, Harituk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizazio-deialdi bat egin zuten.

Piper-gasa, borrak, hamazazpi isundu eta hiru ikertu

"Etxegabetzea bortizkeriaz gauzatu zuten; Espainiako Poliziak etxegabetzerako ezarritako ordua baino 2 ordu lehenago hustu zuen etxe-ataria, etxegabetzea gelditzeko genuen gaitasunari trabak jarri nahian. Gainera, Poliziak hainbat aldiz egin zigun eraso, borrak eta piper-gasa erabiliz, eta dozenaka zauritu eragin zituen", ekarri dute gogora hiru antolakundeek: "Etxegabetze-uneko errepresio zuzenaz gain, urriaren 9 hartan, protesta-ekintzak bukatu eta elkarretaratzea desegin ondoren, Espainiako Poliziak zenbait kide identifikatu zituen, eta horietako batzuk lurraren kontra atxiki".

Horiek horrela, salatu dute "errepresio gogorra" izan dela "sindikatuon lanaren kontra": "Osotara, hamazazpi lagunek jaso dituzte isunak (12.400 eurokoak), eta hiru lagun auzipetu dituzte, desobedientzia- eta lesio-delituak eta agintaritzari aurre egitea leporatuta".

Etxegabetzeen aurka antolatzeko trabak

Kolektiboen esanetan, errepresio horren helburua da "antolakuntza eta borroka kriminalizatzea" eta "jabetza pribatua defendatzea pertsonen oinarrizko eskubideen gainetik"; eta seinalatu dute "gero eta oztopo gehiago" daudela "etxegabetzeen kontrako defentsa antolatzeko". "Azken hilabeteetan, etxegabetzeen kontrako defentsaren kontrako eraso ugari ari gara ikusten Iruñerrian, besteak beste, data irekiko etxegabetzeak (nahiz eta legez kanpokoak izan) eta kalea etxegabetzerako ezarritako ordua baino zenbait ordu lehenago hustea; batzuetan, droneak ere bidali dituzte kalea zelatatzeko", sakondu dute. Horiek guztiak "eskubide politikoen kontrako eraso zuzenak" eta "geure burua defendatzeko ditugun baldintzak okertzeko bitartekoak" direla uste dute.

Dena den, eskubide politikoen eta etxebizitza-eskubidearen alde borrokan jarraituko dutela eman dute aditzera: "Sistema kapitalista honetan, non etxebizitza eskuratzeko eskubidea ez dagoen bermatua eta pertsona bakoitzaren diru-sarreren araberakoa den, guk irmo jarraituko dugu etxebizitza pertsona guztiek bermatua izanen duten ondasun unibertsal bat izan dadin, eta ez batzuei poltsikoak betetzeko balio dien merkantzia bat".