AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Asmatzez eta akatsez bukatu dugu urtea eta urte berriak nahitaez eskatzen du atzera begiratzeko ariketa egitea. Azken urteetako proletalgoaren aurkako ofentsibaren ertz eta aldeak bereizten hasiak gara jada, eta dagoeneko behatzeko moduan dago zer forma ari den hartzen. Jasaten ari garen berregituraketa ekonomikoak, eta ondorioz, gizartearenak zein politikarenak, ez du inor epel utzi, krisi kapitalistaren joko zelaian bakoitzak bere funtzioa betetzen baitu: eliteek, enpresari txikiek, alderdi politikoek (ezker zein eskuin), ertain klaseak eta baita ere proletalgoaren geruza erreakzionarioenek ere. 

Soldatak hustu dizkigute eliteek enpresari txiki askoren oniritziarekin, eta ertain klaseak otzan onartu du hori lau txakur txikiren truke. Erosteko ahalmenaren beherakadari aurre egiteko politikarien diru laguntza miserableak zulo batetik bestera doaz; errealitatean inor gutxiri laguntzeko gaitasuna eta borondatea dute, eta errudunei ordainarazteko asmorik batere ez. Osasungintza, hezkuntza eta antzeko zerbitzu publikoak hustu dituzte besterik ordaindu ezin duenaren kaltetan eta bestelako zerbitzu batzuetara jo dezaketen horien arduragabekeriaz. Eskubide politikoak eteteak proletalgoarena eta proletalgoarentzako den militantzia politikoa zaildu du politika instituzionalaren, klase ertainaren politiken eta estatuaren mesedetan. Ideologia erreakzionarioen gorakadak emakume langileak, migratzaileak eta oro har zaurgarrienak kaltetu ditu, eta, bien bitartean, errora jotzen ez duten eta aldaketa errealik ekartzen ez duten proposamen politikoak soilik mahaigaineratzen dituzte, eskuin muturrak eta faxismoak gorantz nola egiten duen begira.   

Krisi kapitalistaren jokoan mugimendu sozialistak ere bere papera jokatzea erabaki du  beste urte batez: krisi horren erantzule eta konplizeen papera seinalatu du; neurri murriztaile eta bizi baldintzen errausketaren atzean ezkutatzen den burgesiaren ofentsibaren logika mahaigaineratu du zoriaren eta ezbehar-segidaren ulerkeratatik haratago; nazioaren zein subjektibitate zapalduen askapen errealerako baldintzak eraikitzeko lanean aritu da, helburu estrategiko moduan Masa Alderdi Komunista eta Euskal Estatu Sozialista hartuta, eta jomugatzat komunismo internazionala; gaurdanik, emakume langilearen, ikasleen, gazteen eta oro har langileriaren bizi baldintzak hobetzeko programak eta borrokak abiarazi ditu hamaika txokotan; oztopoen gainetik militatzeko baldintzen defentsa egin du, bitartean antolakuntza komunistara batzeko espazio ezberdinak sortu ditu; lan ideologikoa norabidetzeko eta teoria komunistan sakontzeko bitarteko ugari sortu ditu; arte komunistaren zein bestelako aisialdi espazioen aldeko apustua egin du… Egin dugun guztia estimuz begiratu behar dugu, baina betiere umiltasunez, momentuz egindako ekarpenak zer dimentsio erreal duen ulertu behar baitugu.  

Langileriaren askapen prozesuari ekarpena egitea da gure mugimenduaren helburua. Ehundaka militanteren diziplinaz eta mugimendu baten erantzukizunez heldu diogu helburu horri. Militante eta erabaki bakoitzari esker gaude gaur gauden tokian; batzen gaituen hautu batek ekarri gaitu honaino. Baina, esan bezala, hau ez da hasieraren bezpera besterik. Urte zaharra agurtu dugun lez, hasi dezagun berria; gogor eutsi beharko baitiogu datorrenari, eta eraiki nahi dugun horri, inteligentziaz.