EDITORIALA
Sua mundu kapitalistan
2026/07/27

Suteen irudiak iristen ari zaizkigu alde guztietatik. Espainiako Estatuan inoizko suterik handienak gertatzen ari dira, eta Landetako garren irudiak ere ikaragarriak dira. Hainbat lurralde kiskaltzen ari dira. Urtero gertatzen dira suteak, hori ez da ezer berria, baina egoera honek kezkatu behar gaitu: urtetik urtera, geroz eta sute gehiago eta handiagoak gertatzen ari dira eta tenperaturak gora egiten ari dira. Klima-krisialdia eta berotze globala ukatu ezin diren fenomenoak dira. Egoera jasangaitza bilakatzen ari da eta kapitalismoa da hori guztia gertatzearen arrazoia.

Zergatik diogu kapitalismoa dela egoera hau sortzen duena? 1. Ekoizpen-eredu kapitalista irabazi pribatuan eta merkatuaren anarkian oinarritzen delako. Horrek ekoizpen irrazional eta kontrolik gabekoari bidea egiten dio, gizakiaren eta naturaren arteko harreman erabat desorekatu eta arduragabea eraginez. 2. Interes ekonomikoak daude sute horietako askoren atzean. Baso eta lursail asko erretzea komenigarria da ikuspegi kapitalista batetik, ondoren, lur horietan negozioak egin ahal izateko. Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lursail asko ari dira galtzen suteen ondorioz, baina batzuentzako galera dena beste batzuentzat negozio-iturri izan daiteke. 3. Zerbitzu publikoek ez dituzte behar beste baliabide suteei aurre egiteko. Ez dituzte behar beste baliabide bideratzen ez suteen prebentziorako ez eta suhiltzaileei ere.

Gobernu kapitalista asko dira krisi klimatikoa ukatzen dutenak eta murrizketak egiten ibili direnak. Faxismoak ekologismoari bota nahi dio gertatzen ari denaren errua. Justifikazioa beste baterako utzi dute. Orain aipatu dugun bezala, faxismoa eta eskuin muturra dira politika kapitalista basatienak sustatu dituztenak. Merkatuaren "askatasuna" beste ezeren gainetik jartzen dutenak eta sistema publikoaren desegitearen erantzule behinenak. Bistan den bezala, sozialdemokrazia ere ez da ezertarako soluzioa. Urteetako gobernu sozialdemokratak horren lekuko dira. Kapitalismoa ontzat ematen dute eta ezgaiak dira erroko aldaketak eragiteko. Gabezia horiek guztiak agerian gelditzen dira katastrofe ekologikoak gertatzen diren bakoitzean.

Horrek guztiak erroko aldaketa bat galdegiten du: baliabideen eta ekonomiaren gaineko planifikazio orokorra, arrazionala, eta langile-klasearen beharrizanei azpiratua. Gizakiaren eta naturaren arteko harreman jasangarria eta epe luzekoa sustatzen duena eta ekosistemen babesa bermatzen duena. Sistema publiko indartsu bat, beharrezko baliabide guztiak bilduko dituena eta langileak erdigunean jarriko dituena. Sozialismoari bide egin behar diogu beranduegi izan aurretik. Garrantzitsua da gertatzen ari den guztiaren aurrean lehen lerroan egotea, langile-klaseari laguntza ematea, ekosistemak babestea eta baliabide publikoak defendatzea. Horrela soilik lortuko dugu kontzientzia sozialista hedatzea, behar-beharrezkoa dena klima-larrialdiari aurre egiteko.