EDITORIALA / Makrojaialdiak
Futbola baino gehiago da
2026/07/15

Atzo jokatu zuten Espainiaren eta Frantziaren arteko partida, gizonezkoen futboleko Mundu Koparen barruan. Futbol partida huts bat baino askoz ere gehiago izan zen atzokoa. Espainia finalera sailkatu zen, eta, hurrengo egunetan, Hego Euskal Herrian kanpaina espainolista bat jasan beharko dugu. Alderdi espainolistek eta masa-hedabideek gidaturiko kanpaina erraldoi bat abian da.

Eliteko futbola eta politika banaezinak direla erakusten duen gertakizun horietako bat da atzoko partidua. Izan ere, Frantziako Selekzioko entrenatzailea euskal jatorrikoa da, eta Espainiako selekzioan hainbat euskal herritarrek jokatzen dute. Bien bitartean, Euskal Herriaren autodeterminazioa eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ukatzen dituzte bi herrialde horiek. Bi estatuak, Frantziakoa eta Espainiakoa, milaka herritarren borondate demokratikoa ari dira debekatzen. Era berean, futbola ikuskizun hutsa izatetik harago, ideia politikoen eta identitateen eroale ere bada. Hori nahieran baliatzen dute espainiar eta frantziar agintariek ideia baztertzaileak hedatzeko eta euskal langileriaren zapalkuntza nazionala betikotzeko.

Hego Euskal Herriari erreparatuta, bada gertakizun bat askoren ahotan dabilena. Ideia bat egiteko, atzo bertan Jon Artano kazetariak Jagoba Arrasate entrenatzaileari galdetu zion gai honen inguruan. Honakoa da gaia: Hego Euskal Herriko kaleetaan erabat normalizatu dela Espainiako Selekzioaren kamiseta erabiltzea, batez ere gazteen artean. Orain dela urte batzuk pentsaezina zen. Lehen aipatu bezala, euskal jatorriko hainbat jokalariren presentziak eragingo zuen horretan, tartean Athleticeko eta Realeko jokalariak baitaude. Baina, hori baino gehiago, Euskal Herriko egoera politikoaren aldaketa dago fenomeno honen atzean. Gatazka politikoa asko baretu da, polarizazioa jaitsi da, hausturarako borondatea erabat apaldu da eta autonomismoak indarra hartu du. Autonomismoa zera da: itxura batean euskal nortasunaren aitorpena bai, baina Espainiako Estatuaren barnean eta hari azpiratua.

PSOE zuritzeko lan galanta egin dute EAJk eta EH Bilduk azken urteetan. Azken hori zera esatera ere ausartu da: Pedro Sanchezek gidatutako PSOEren eskutik Euskal Herriaren askatasunerako aukera-leihoa zabaldu dela. Atzo Gasteizen La Roja ikusteko pantaila erraldoia jarri zuen eta Selektibitateko azterketen aferan Bilboko aberaskume espainiarrak babestu zituen alderdia omen da independentziarako giltza. Dena den, hori guztia ezin dugu orokortu eta, gaur-gaurkoz, gutxiengoa da Espainiako kamiseta soinean daraman gazteria.

Ikusten ari garena, enegarrenez, ondorengoa da: naziotasuna disputan dagoen identitate bat da. Espainiako Estatuan faxismoa eta sozialdemokrazia mokoka ari dira elkarren artean, La Roja-ri esanahi politiko bat edo bestea eman nahian. Hor daude Lamine Yamalen afera edo Mariano Rajoy presidente ohiaren artikulu arrazistaren harira sortutako polemika. Baita pantaila erraldoien aurrean "Pedro Sanchez hijo de puta" oihukatzen dutenak ere. Eta beste hainbeste gertatzen da Frantziako Estatuaren barruan. Euskal Herrira itzulita, arazoa hasieran aipaturikoa da: hemen gehiengo bat Euskal Selekzioaren alde dagoela, eta eskubide hori ukatu egiten dutela estatuek. Hori erabateko inposizioa da, eta mota guztietako ezinikusiak betikotzea eragiten du, tartean, nazioen eta klase sozialen baitan daudenak.

Sakoneko auzira jauzi eginez, hau da honen guztiaren oinarrian dagoena: langile-klasearen batasuna erdiesteko, zapalkuntza nazionalari amaiera ipini behar diogula. Hori, Euskal Herrian, autodeterminazioaren eta sozialismoaren eskutik soilik heldu daiteke, Euskal Estatu Sozialistaren aukera posible eginez. Hori da jorratu behar dugun bidea.