Atzo bertan argitaratu zen Santurtziko Ander gaztea nola hil zuten erakusten duen bideoa. Irudi horietan ikusten da nola neutralizatzen duen Poliziak eta taserrarekin hainbat bider kolpatzen dutela. Hainbeste denboraz neutralizatuta edukitzearen ondorioz eta jasotako kolpeen eraginez hil zen Ander bi egun beranduago. Hilketa polizial bat da, eta horrela tratatu behar dugu gertatutakoa. Euskal Herrian Poliziaren inguruan sortutako inpunitate markoak, politikoa, mediatikoa nahiz judiziala, eragiten du horrelako gertakarietan. Ardurak esleitzeko garaia da, askatasun zibilak defendatzekoa eta justizia aldarrikatzekoa.
Bingen Zupiria sailburuak uda bero bat iragarri zuen ezker erradikaleko gazteen eta Poliziaren artean. Poliziaren aurkako gorroto irrazionala, ideologikoa, omen dute Euskal Herriko hainbat gaztek. Hori omen da arazoa, eta ez orokortzen ari den inpunitate poliziala. Bada, udaren amaierara iristen ari gara eta ez dira pasatu Zupiriak iragarri zituen gertakariak. Balantzea bestelakoa da: udaltzainek Sarturtzin gazte bat hil dute. Eta bigarren mailako beste zenbait gertakari ere aipatuko ditugu: Flotillako kideen aurkako oldarraldia eta Hondarribiko gazteen aurkako bortizkeria poliziala, besteak beste. Azken gertakari horretan pausatuko gara momentu batez, gainera: nola da posible pankarta bat jartzeagatik bi gazte komisariara eraman izana eta Polizia gazteen aurka oldartu izana? Badirudi udara bero bat gertatu dela, baina betikoen eskutik: indar polizialen inpunitatea erabatekoa da eta horri mugak jartzea denon zeregina da.
Santurtzin haserre handia dago Anderren erailketaren harira. Ez da gutxiagorako. Injustizia erabatekoa da eta inpunitatea onartezina. Cabacasekin gertatukoa etortzen zaigu burura, orduko hartan, asko borrokatu bazen ere, Barne sailburua eta Ertzaintza zigorgabe atera zirelako. EAJk inpunitate poliziala eta biolentzia legitimatu nahi ditu, herri langilearen aurkako kontrola eta errepresioa normalizatu daitezen. Gure egitekoa kontrako norabidean tiratzea da, eskubide zibil eta politikoen alde. Nahikoa esperientzia badugu ondorengo honetaz kontziente izateko: eskubide zibil eta politikoak defendatzeko, kaleetatik eta klase-batasunetik egin beharko dugu. Soluzioak ez dira magia bidez etorriko, ezta politikarien eta epaileen eskutik ere. Justizia Anderrentzat.