EDITORIALA / Politika instituzionala

Populismo erreformistaren balantzea

2026/10/21

Ezker instituzional espainolaren jokabidea higuingarria izaten ari da. Bakoitza bere interes korporatiboa lehenesten ari da eta PSOEri ezkerreko espazio guztia oparitu diote. Inork ez daki zertaz hitz egingo duten kanpaina elektoralean. Beraien egiteko bakarra, ezkerreko boto-emailearen ikuspegitik, boto antifaxista aktibatzea zen, eta hori lortu beharrean, kontrakoa egin dute. Sumarrek lau urte daramatza diskurtso propiorik gabe eta Podemosen ustezko erradikalismoa Irene Monterorentzat Kongresuan postu bat edukitzera mugatzen da.


Agerikoa da erreformismoaren ziklo politikoa amaituta daugoela Espainiako Estatuan. Gobernura iristea lortu zuten Podemosek eta Sumarrek, beti ere PSOEri azpiratuta, egiari zor. Hamarkada baten buruan Sumarrek PSOEri azpiratuta amaitu du eta Podemos desagertzear dago. Agenda autoritarioa aplikatu ostean eta espektakulu tamalgarri batzuk tartean, ateak ireki dizkiote eskuin muturrari. Horixe da populismo erreformistaren balantzea: militantziari eta ongi erroturiko mugimendu iraultzaile bat eratzeari uko egin izanak hau guztia ekarri du.


Guztia ez da negatiboa: belaunaldi-aldaketa bat abian da eta protesta-ziklo berri bat hasi da igartzen. Dena ez da eskuin muturraren igoera, eta langile-klasea ari da altxatzen pixkanaka. Etxebizitzaren aldeko protestak horren lekuko dira, baita Frantziako edo Portugalgo protesta-ziklo guztia ere. Hala ere, ondorengo irakaspena oso barneratuta eduki behar dugu: protesten idealizaziotik harago, haserre horri guztiari forma politiko zuzena emango dioten antolakundeak behar ditugu, aldarrikapen horiek iraunarazi eta ikuspegi estrategikoa emango diotenak.


Hori guztia ez da goizetik gauera eraikitzen, eta laburbide elektoralisten ziklotik irakaspenak atera behar ditugu. Aurreko hamarkadako zikloaren balantzea egiten badugu, hainbat gako identifikatzen ditugu. Alde batetik, langile-klasearen bizi baldintzak ez dira hobetu. Bestetik, autoritarismoaren gorakadak bere bidea egin du. Eta azkenik, ezker berriak porrot egin du agintera iritsi den leku guztietan.


Datorrenerako prest egon behar dugu. Akatsak errepikatu ez ditzagun eta orain arte bezala bidea egiten jarraitu dezagun.