EDITORIALA / Faxismoa

PSOEren antifaxismoa

2026/09/23

Langa bikoitza erabatekoa da faxisten eta antifaxiston artean. Espainiako militar bat Núcleo Nacional erakunde neonaziko kamisetarekin lasai ibili daiteke, alderdi hori Ukrainan entrenamendu militarra egiten aritu den arren eta Hitler goratzen badu ere. Aldiz, erantzun antifaxista zigortua da eta Iruñerriko gazte antifaxisten aurkako sarekada bortitza horren lekuko da. Hori guztia PSOEk agintzen duen bitartean gertatzen ari da. EH Bildu, PSOEren aliatua dena, sarekadaren "desproportzioa" salatzera mugatu da, errepresioaren aurrean ezikusiarena egin duen bitartean. Horrela dago gauzen egoera. Aztertu dezagun zer ari den gertatzen eta zein den PSOEren jokabidea gai honetan.

Ceutako eta Espainia osoko irudiak iristen ari zaizkigu. Faxistak nahieran dabiltza. Agur faxistak ikusi ditugu Atlético Madrilen futbol-zelaian Ceuta "defendatzea" galdegiten zuten bitartean. Ceutan ezkerreko diputatu baten autoari eraso diote, itxura batean Nafarroako GKE batekin nahastu zutelako. Hots, faxisten asmoa etorkinei laguntzen ari den elkarte bati erasotzea zela. Oldarraldi faxista bat abian da eta erradikalizazioaren onuradun nagusia, elektoralki behintzat, Vox alderdia dela ematen du. Ceutako egoera gutxienekoa da, jakin badakigulako PP eta Vox egoera iraunarazten aritu direla eta beraiek direla AEBen eta Israelen aliatuak. Bi herrialde horiek Marokoren sostengu nagusia dira. Horrez gain, Ceutako alkatearen jauntxokeria agerian gelditzen ari da, hainbat ustelkeria kasuren berri eman baitute azken egunetan.

Ondorengo galdera erantzun beharko genuke. Zertan dabil Espainiako Gobernua hau guztia gertatzen ari den bitartean? Batek pentsatu lezake egoera handi geratu zaiela, gaizki kudeatu dutela eta orain, momentu honetan, galduta dabiltzala. Agian egon daiteke halakorik. Egoera honen atzealdeari begiratu beharko genioke, ordea. Kontuan har dezagun Espainiako hauteskunde orokorrak 2027an direla eta PSOEren aukera bakarra boto antifaxista aktibatzea dela. Horretarako, faxismoak errealitate bat izan behar du guztion begietara. Hori, eta egiazko antifaxismoaren aurrean interes propioak lehenesten dituen alderdi bat izatea. Berdin zaie faxismoa hauspotzea baldin eta horrela hauteskundeak irabaziko badituzte.

PSOE, alegia: antifaxistak atxilotu eta zigortzen dituena, faxisten irudiak gau eta egun zabaltzen dituen bitartean, Shock Doktrina inbertu bat bailitzan. Agian jokaldia uste baino kalkulatuago daukate. Jakina, horrek ez dauka zerikusirik antifaxismoarekin. Baina benetan uste du norbaitek PSOE alderdi antifaxista konprometitu bat dela? PSOE estatu-alderdi gisa ikusi behar dugu, makineria elektorala eta interes propioak dituena, ekonomikoak eta politikoak. Sanchezen itxurazko ezkerkeriak ezartzen duen benda kentzeko garaia da.

Bestelako antifaxismo bat behar dugu, benetakoa alegia. Beste mota bateko aliantzak eraiki behar ditugu. Euskal Herria eredu ona da momentu hauetan, herri-mugimendu mobilizatua eta masazko militantzian oinarritutako Mugimendu Komunista uztartzen baititu. Faxisten aurrean indar-erakustaldiak egiteko gai dena eta antifaxismoaren morala altu mantentzen duena. Kaleetatik faxismoa ezabatzeko ahalegina egiten duena. Euskal Herritik kanpo, pasa den astean Bartzelonan Núcleo Nacional eta Aliança Catalana erakunde faxisten aurka egindako mobilizazioek bidea erakusten digute. Baita Oviedoko mobilizazio antifaxistek ere. Ez gaitezen nahastu etsaiz eta bidelagunak tentu handiz hautatu ditzagun. Konpromiso antifaxista babestu dezagun eta eraso guztien aurrean mobilizatu gaitezen.